Tomas Alfredsonen Tinker, Tailor, Soldier, Spy filmak Veneziako zinema jaialdiko sari nagusia irabazten ez baldin badu, ez da izango horretarako mailarik ez duelako, aurten sail ofizialean lehiatzen ari diren filmen kalitatea oso handia delako baizik; ideia hori zabaldu zen atzoko estreinaldiaren ondoren. Aktoreen lanari eta estetika zainduari esker, oso harrera ona izan zuen John Le Carrek izenburu berarekin 1974an argitaratu zuen nobelan oinarritutako filmak.Peter Straughmanek idatzi du gidoia, John Le Carrerenberaren laguntzarekin.
Gerra Hotzean girotutako espioi film bat da Tinker, Tailor, Soldier, Spy, estetika aldetik oso zaindua eta Alberto Iglesias donostiar musikagilearen musikarekin girotua. Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako agenteak dira protagonistak; kezkatuta daude beren artean sator bat dagoelako.
Gary Oldman da filmeko aktore nagusia, George Smiley agentearen rolean, aurreko lanetan erakutsi duen histrionismotik oso urrun. «Pertsonaia frenetikoak egin ditut orain artean ia beti, beren buruak nahiko modu fisikoan ezagutarazten dituztenak», azaldu zuen Oldmanek. «Oso bestelako lana egiteko aukera izan dut».
Colin Firth —aktore onenaren Oscar sariaren iazko irabazlea, The King's Speech filmean egindako lanarengatik— ez da deseroso sentitu Andersonen filmean Oldmanek adinako presentziarik ez izateagatik. «Oscar sariak ez dit aldatu bizimodua», esan zuen. «Eskaintzen zidatenaren arteko onena aukeratu nuen, eta hauxe zen». John Hurt da filmeko beste aktore ezagun bat. Harentzat «pribilegio handia» izan da filmean parte hartzea, «horren aktore onen ondoan».
Ann Hui, ikusleak hunkitzen
Harrera ona izan zuten atzo aurkeztutako beste bi filmek ere: Ann Huiren Tao jie (Bizitza soil bat) eta Todd Solondzen Dark Horse; Solndzenak baino harrera hobea Huirenak, ikusleak hunkitu zituelako. Benetako gertakari batzuetan oinarrituta, 60 urtezfamilia batentzako zerbitzari lanetan aritu den emakume baten istorioa kontatzen du Tao jie-k.Bihotzeko baten ondorioz, lanerako ezindua geldituko da, eta zahar etxe batera eramango dute. Familiako semeetako bat harrituta geratuko da, hura bisitatzera joanda, han zein egoera gogorrean bizi den ikustean. Solondzen filmak, berriz, gurasoen babesean bizi den gizonezko gazte baten bizimodu aspergarriaren berri ematen du.
'Tinker, Tailor, Soldier, Spy' ondo hartu dute, aktoreen lanari eta estetikari esker
Le Carreren izenburu bereko espioi nobelan oinarritua da Tomas Alfredsonek Venezian aurkeztu duen filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu