Proiektua, berez, 2000. urtean jaio zen, baina, Unzuren esanetan, handik gutxira hil edo zorabiatu zen, eta tiraderan gorde zuten. "Pop-rock abestiak egiteko asmoarekin abiarazi nuen. Txumarekin [Murugarren] harremanetan jarri nintzen, baina disko bat kaleratzekotan zegoen, eta ez zen unea. Hurrengo urterako utzi genuen, baina azkenean hamahiru urte pasatu dira". Orain heldu diote lanari, biei ondo zetorkielako.
Ohikoak ez dituzten bideak ibili dituzte biek. Murugarrenek beti sortu izan du bere diskoetako musika, baina kasu honetan Unzuren esku utzi du egiteko hori. Eta "erosoa" izan da. "Azken diskoarekin oso gaizki pasatu nuen. Produkzioa, konposaketa.... Dena egin nuen eta oso gaizki bukatu. Orain disfrutatu egin dut, eta erosoa izan da. Erantzukizuna partekatua zenez, grabaketa lasai hartu nuen eta lasai ibili naiz". Bilboko Koba estudioan grabatu dute Xanpe teknikari zutela, eta teklatuetan Rafa Aceves Murugarrenen ohiko kolaboratzailea aritu da. Bateria eta baxua Zarauzko Buffalo hirukoteko David Gorospe eta Joanes Ederrak jo dituzte, hurrenez hurren. "Behin ikusi nituen Buffalokoak, asko gustatu zitzaizkidan, eta proiektu honetarako egokiak zirela pentsatu nuen", azaldu du Unzuk, gaur Donostian, diskoaren aurkezpenean.
Unzurentzat oso positiboa izan da Murugarrenekin lan egitea, eta ez du baztertzen aurrerantzean pop-rockeko disko gehiago osatzea. "Grabaketan kantatzen aditzen nuenean, sentitzen nuen abestiak hazten ari zirela". Proiektu honetan Unzuk egin duen jauzia berarena baino handiagoa dela iruditzen zaio Murugarreni. "Uste dut disko honetan Angelenak [Unzu] baino identifikatutago sentituko direla nire ohiko entzuleak".
Hitzei dagokionez, bere betiko "gauzei" heldu die Murugarrenek. Baina hitzak oso baikorrak dira, haren ustez. "Eta hori ez da ohikoena nire lanetan. Hitz itxaropentsuak daude, nahiz eta berez, oinarri krudela izan. Uste dut gisa horretako kontera inoiz ez dudala erabili".