61. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Todd Haynes, AEBetako zinemagintza independentearen ikur, epaimahai ofizialeko presidente

Zinematografiako Kritikarien Nazioarteko Federazioaren (Fipresci) kritikaren saria Abdellatif Kechiche zuzendari tunisiarraren 'La Vie d'Adèle' filmari emango diote hilaren 20an, jaialdiaren inaugurazio galan.

Igor Susaeta - Maddi Castro
2013ko irailaren 6a
13:44
Entzun

Zinemaldia gaur aurkeztu dute, eta jaialdiko epaimahaietako kideak nortzuk izango diren esateaz gain, programazioko beste izenburu batzuk eman dituzte.

Perlak sailean, esaterako, Jean-Marc Valléeren Dallas Buyer's Club eta Larrieu anaien L'Amour est un crime parfait proiektatuko dituzte. Zuzendari Berriak sailean, berriz, Mariana Chenilloren Paraiso lehiatuko da.

Epaimahai ofizialari dagokionean, Todd Haynes zinemagilea (Los Angeles, AEB, 1961) aukeratu dute Zinemaldiko antolatzaileek. 1991n zuzendu zuen bere aurreneko film luzea, Poison, eta geroztik beste lau osatu ditu; azkena, I'm Not There , 2007an. Far From Heaven-ek (2002), Oscar sarietarako lau hautagaitza jaso zituen, eta beste hamaika sari irabazi. Gainera, film laburrak eta telesailak egindakoa da.

David Byrne Talking Headsen sortzailea eta artista balioaniztuna, Valeria Bruni Tedeschi, Diego Luna eta Paulina Garcia aktoreek, Cesc Gay zinemagileak eta Mariela Besuievsky ekoizleak osatuko dute epaimahaia.

Euskal Zinemaren Irizar Sariko epaimahaiko presidentea Asier Altuna zinema zuzendaria izango da, eta alboan edukiko ditu Itziar Nogueras Donostiako 2016 Bulegoko zuzendaria eta Anari musikaria.

Bestalde, La vie d'Adele filmak jasoko du aurtengo FIPRESCI Sari nagusia. Nabarmentzekoa da, Abdellatif Kechiche zuzendariaren filmak Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma jaso zuela. Bideoa:  La vie d'Adele filmaren trailerra.

[Youtube]http://youtu.be/Xcqk_h83iwE[/Youtube]

Hilaren 20a eta 28a bitartean egingo da Zinemaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.