Zinema

Todd Phillipsen ‘Joker’ filmak irabazi du Urrezko Lehoia

Roman Polanskirentzat izan da Veneziako 75. Zinemaldiko bigarren sari entzutetsuena, J'Accuse filmagatik. Zuzendari onenaren saria Roy Anderssonek jaso du, About Endlesness lanarekin.

Todd Phillips zuzendari estatubatuarra Veneziako Zinemaldiko sari nagusia jaso berritan. CLAUDIO ONORATI / EFE
itziar ugarte irizar
2019ko irailaren 7a
07:02
Entzun

Todd Phillipsen Joker ez dela inolako broma zioten titularrek zinemagile estatubatuarrak filma Veneziako 75. Zinemaldian erakutsi berritan. Bada, broma ez, Lucrecia Martel zinemagile argentinarra buru izan duen epaimahaiak hari ematea erabaki du aurtengo Urrezko Lehoia. Pelikula berezia egin du Phillipsek: gaizkiaren erroak izan ditu hizpide, nola bihurtzen den gaizkile zital komiko alai izan nahi zuen gazte bat. Komikien munduan jaiotako pertsonaiari hurbilpen kritiko eta iluna egiten dio zuzendariak. Joaquin Phoenixek egin ditu protagonista lanak, eta gogor txalotua izan da haren interpretazioa.

Zinemaldiko bigarren sari garrantzitsuena, Epaimahaiaren Sari Nagusia, Roman Polanskirentzat izan da, J’Accuse filmagatik. Emmanuelle Seigner aktore eta zuzendariaren emazteak jaso zuen saria; Polanski ez baita Venezian izan, AEBetara estraditatzeko arriskuagatik —1977an egindako bortxaketa baten auzia zabalik du oraindik—. Fipresci Nazioarteko Zinema Kritikarien Elkarteak ere Polanskiren azken lana saritu du.

Zuzendari onenaren saria Roy Anderssonek jaso du, About Endlesness lanarekin. Filma aurkezten Venezian izan bazen ere, atzo ez zen sari banaketa ekitaldira joan.

Interpretazio onenak saritzen dituzten Volpi sariak Ariane Ascaride aktore frantziarrak eta Luca Marinelli italiarrak eraman dituzte; Gloria Mundi (Robert Guediguian) eta Martin Eden (Pietro Marcello) filmetan egindako lanengatik, hurrenez hurren.

Animaziozko lan batentzat izan da gidoi onenaren saria: Yonfan txinatarraren No. 7 Cherry Lane filmarentzat. Zazpi urteko epean, fotogramaz fotograma eskuz marraztu du filma. Epaimahaiaren Sari Berezia, bestetik, Franco Marescoren La mafia non è più quella di una vola pelikulak irabazi du.

Goizez, fokuak protestan

Garaikur horiez gain, sari gehiago ere banatu dira gaur iluntzean Lido uharteko ekitaldian. Sail Ofizialaren ondoren, Orizonti da Veneziako zinemaldiko bigarren sail entzutetsua, eta, atal horren barruan, Valentyn Vasyanovychen Atlantis filmak jaso du film onenaren saria. Sail berean, Theo Courtek irabazi du zuzendari onenaren saria, Blanco en blanco filmagatik. Aktore onenaren sariak Marta Nietok (Madre) eta Sami Bouajillak (Un fils) jaso dituzte.

Zinemaldiko azken ekitaldiaren aurretik, goizean, protesta ekintza batek bereganatu ditu jaialdiko fokuak, 300 lagun inguruk alfonbra gorria hartu dutenean «larrialdi klimatikoa» salatzeko. Mick Jagger bertatik igarotzen ari zen orduan—Giuseppe Capotondien The Burnt Orange Heresy pelikulan hartu du parte—, eta kausara batzeko baliatu du, "zuekin nago" esanez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.