Tom Sharpe idazle ingelesa gaur goizaldean hil da, Llafranc herriko bere etxean (Girona, Herrialde Katalanak), Anagrama argitaletxearen bozeramaile batek jakinarazi duenez. Diabetesa zuen, eta haren ondoriozko arazo batzuek guztiz makalduta eduki dute azken egunetan.
Londresen jaio zen Thomas Ridley Sharpe, 1928an, eta azken 24 urteak eman ditu Llafrancen bizitzen. Haren gorpua Palafrugelleko tanatorioan (Herrialde Katalanak) erre eta errautsak hiru tokitan banatuko dituzte: Llafrancen eta Ingalaterrako bi herritan; haietako bat Cambridge dela esan dute, Sharpek hiri hartako unibertsitate ezagunean egin baitzituen historia ikasketak.
Umore mikatzeko nobelak idatzi zituen Sharpek, eta oso harrera ona izan zuten haietako askok hala irakurleen nola kritikarien artean. Wilt (1976) da haren nobelen artean gehien itzulitakoa eta ezagunena. Michael Tuchner zinemagileak nobela horretan oinarritutako filma zuzendu zuen, izenburu berarekin, 1989an.
Porterhouse Blue (1974), The Great Pursuit (1977) eta Ancestral Vices (1980) dira Sharperen beste lan ezagun batzuk, Wilt pertsonaia oinarri duten beste hainbat nobelaz gain: The Wilt Alternative (1979), Wilt on High (1985) eta Wilt in Nowhere (2004), besteak beste.
Ez da egundo Sharperen obrarik euskarara itzulita argitaratu, baina Ados Teatroa konpainiak oholtzetarako egokitu zuen Wilt nobela iaz, Wilt, panpina puzgarriaren hilketa izenburuarekin. Mikel Laskurain, Isidoro Fernandez, Aitziber Garmendia, Miren Gojenola eta Koldo Losada aktoreek parte hartu zuten, Garbi Losadak zuzenduta. Jose Mari Vitoriak, ekoizpen lana egiteaz gain, testua egokitu zuen, eta euskarara itzultzearen ardura Dorleta Urretabizkaiak hartu zuen.