Zinema

Tom Wilkinson aktore ingelesa hil da

‘The Full Monty’, ‘Shakespearen in Love’ eta ‘Michael Clayton’ filmetan aritu zen, beste askoren artean, eta bi aldiz egon zen Oscar sarietarako izendatua. 75 urterekin hil da, haren familiak jakinarazi duenez.

TOM WILKINSON
Tom Wilkinson aktorea, artxiboko argazki batean.
Ainhoa Sarasola.
2023ko abenduaren 30a
20:45
Entzun

1970eko urteetan ekin zion aktore lanari Tom Wilkinsonek (Leeds, Yorkshire, Ingalaterra, 1948), eta bere ibilbide luzean 130etik gora film eta telesailetan jardun zuen, taldeko antzezle gisa gehienetan. Beste hainbat lanetan parte hartu ostean, The Full Monty (1997) filmeko interpretazioarekin egin zen ezagun, eta beste proiektu batzuetarako atea ireki zion horrek. 75 urterekin hil da, «ezustean», haren familiak jakinarazi duenez.

Ingalaterrako Leeds hirian, laborari familia batean jaio zen Wilkinson, 1948an. Haurra zela, hainbat urtez Kanadan bizi izan zen, hara jo baitzuten gurasoek, egoera ekonomikoak behartuta. Behin Erresuma Batura itzulita, Kenteko Unibertsitatean ingeles literaturan graduatu zen, eta Arte Dramatikoko Eskolan ikasi zuen ondoren, Londresen.

1970eko hamarkadako erdialdean ekin zion zineman eta telebistan lan egiteari, eta hainbat filmetan parte hartu zuen hurrengo urteetan —Wetherby (1985), In the Name of the Father (1993), Sense and Sensibility (1995) eta The Ghost and the Darkness (1996), tartean—. Baina 1997an heldu zitzaion sona, sorterrian bertan eta aurrekontu apalarekin filmatu zuten The Full Monty filmari esker; Bafta sari bat ere irabazi zuen striptease emanaldi bat antolatzen duen langabetu kuadrilla bateko kideetako baten rolean. Urte berean, Oscar and Lucinda eta Wilde lanetan ere parte hartu zuen, eta Shakespeare in Love pelikulan ere bai, hurrengo urtean.

Hortik aurrera, pixkanaka, Erresuma Batuko eta AEBetako ekoizpen gehiagotan aritzeko aukera izan zuen. 2001ean, Todd Field zinemagilearen In The Bedroom filmean eginiko interpretazioagatik, hainbat jaialditan saritu zuten, baita Oscar sarietarako izendatua izan ere, aktore protagonistaren kategorian. Bigarrenez lortuko zuen izendapena 2007an, Michael Clayton lanari esker, taldeko aktore gisa oraingoan.

Tarte horretan eta hurrengo urteetan, Christopher Nolan, Bryan Singer, Roman Polanski, John Madden, Wes Anderson eta Oliver Stoneren aginduetara aritu zen haien filmetan
Batman Begins (2005), Valkyrie (2008), The Ghost Writer (2010), The Best Exotic Marigold Hotel (2012), The Grand Budapest Hotel (2014) eta Snowden (2016), hurrenez hurren—, eta beste hainbat lanetan ere parte hartu zuen, zineman, telebistan eta antzerkian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.