Tomas Yerro (Lerin, Nafarroa, 1950) Filologia erromanikoan lizentziatu zen, Espainiera eta literaturako Batxilergoko katedraduna izan zen, eta Nafarroako Unibertsitatean zein NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle jardun zuen, besteak beste. Zutabegile aritu zen prentsan, eta hainbat zientzia aldizkaritan ere plazaratu zituen bere testuak. Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta Nafarroako Gobernuan ere izan zituen ardurak: Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era, eta Kultura zuzendari nagusi 1995etik 1999ra.
2019. urtean, Nafarroako Gobernuak kultur arloan berezi diren pertsonak omentzeko urtero banatzen duen Vianako Printzea saria jaso zuen, hogeita hamargarrena. Ana Herrera Kultura kontseilariak jakinarazi zuen sarituaren izena, eta hiru eremutan egindako lana aitortu zion: «Irakasle gisa, ikertzaile gisa eta literatur hedatzaile gisa, bereziki talde ahulenen artean». Erantsi zuenez, Yerro «erreferentea» izan da Nafarroako idazleentzat —hain zuzen, Nafarroako Idazleen Elkarteak aurkeztu zuen Yerroren hautagaitza—. Saria jasoko zuela jakin berritan, hala mintzatu zen Yerro, lehen balorazio batean: «Pablo Antoñana, Rafael Moneo, Miguel Sanchez-Ostiz eta kultur munduko beste hainbat erraldoi handiren gainean dagoen ipotxa sentitzen naiz».
Nafarroako Gobernuak baieztatu du Yerroren heriotza.