Kantuez, doinuez edo hitzez baino gehiago zenbakiez eta zifrez hitz egitera bultzatzen duten kontzertuen familian sartu beharkolitzateke Bon Jovik gaur gauean (22:00) Donostiako Anoeta estadioan eskainiko duena.
Zenbakiez eta zifrez hitz egitera bultzatzen du New Jerseyko taldeak, era guztietako kopuru erraldoiez inguraturik hurbilduko delako Euskal Herrira. Zifra erraldoiak dira, esaterako, agertokia, argi eta soinu hornidura, burdinak, bideo materiala, bulegoak eta muntaketarako beharrezko diren guztiak garraiatzeko erabiliko dituzten 65 kamioiak. The Rolling Stones edota U2ren kontzertuekin gertatu bezala, hiri txiki bat bilakatuko da Anoeta estadioaren ingurumaria. Sukaldean aritzeko bi gune erraldoi, jangelak, dutxak, bulegoak, zerbitzuak... Egunotan 200 lagunetik gora aritu dira lanean hiri txikia eraikitzeko. Karga eta deskargan aritu direnak, fenwich gidariak, argiketariak, iturginak, arotzak... Segurtasun eta osasun kontuetako jendeak gaur izango du lanik handiena.
Stadium rock deitura jasotzen duten talde urrietako bat da John Bon Jovik gidatzen duena, gutxi baitira —are gutxiago garaiotan— futbol zelaiak betetzeko gaitasuna duten rock taldeak. Iaz ikusle gehien bildu zuena izan zen Bon Jovi, U2ren gainetik, beste beste. 35.000 ikusle izango dira gaurko kontzertuan. Lehenengo sarrerak 50 eurotik gorako prezioan saldu zituzten, eta gerora, 20 eta 40 bitarteko gehiago jarri zituen salmentan taldeak, krisiaren aurkako neurri gisara. Zifra dantza hor ere.
Baina Bon Jovik zifrez eta zenbakiez hitz egitera bultzatzen du, era berean, aspaldian kantu berririk plazaratu ez duelako—2009ko The Circle da kantu berriekin argitaraturiko azken diskoa—, eta iazko azaroan kaleraturiko Greatest Hits.The Ultimate Collection bilduma lan estandarra aurkezteko aitzakiarekin ari direlako bira egiten Europan. Ekainaren 8an hasi zuten bira Zagreben, Bartzelonan aritu ziren herenegun, eta gaur Donostian izan ostean, igandean Lisboan eskainiko dute azken emanaldia, 19 herrialdetan 24 kontzertu eman ondoren. Horra zifra gehiago.
Bartzelonan eskainitakoaren arabera, kontzertura joango den jarraitzaileak ez du aparteko ezustekorik jasoko. 1984an taldearen izen bereko diskoarekin debuta egin zuenez geroztik osaturiko ibilbidean pilaturiko kantu ezagun denak edo gehienak kantatuko baitituzte, bata bestearen jarraian. Bartzelonako kontzertua hamabost minutuko atzerapenarekin hasi zuten, Slippery When Wet (1986) hirugarren disko laudatuko Raise Your Hands kantuarekin. Kasaka gorri bat soinean zuela taularatu zen Jon Bon Jovi kantari eta gidaria. You Give Love a Bad Name, Born To Be My Baby edota It's My Life himno tankerakoak ere ez dira faltako New Jerseyko taldearen errepertorioan.
Kantuen eta musikaren aldetik ezusteko handirik ez da izango, hortaz, gaurko kontzertuan. Ezustekoa kontzertuaren beraren muntaketak ekar dezake. Taldekideek itxura erdi-zirkularreko 400 metro koadroko pantaila erraldoi bat izango dute aterpe oholtzaren gainean. Horrez gain, bigarren agertoki bat izango dute beharrezkoa den set akustikoa jasoko duena. Ehun lagunetik gora beharko dira agertoki guztia eraikitzeko. Inurri lana egin beharko dute 150 tonatako eraikuntza altxatzeko. 800.000 wattetako soinu potentziak eta gama altuko 300 argik osatzen dute muntaketaren hezurdura. Tonatan neurtutako ikuskizuna eskainiko dute Jon Bon Jovi eta bereek.
Hirugarren atsedenaldia
Jon Bon Jovik —John Francis Bongiovi Jr. du benetako izena— 1983an sortu zuen taldea. Richie Sambora (gitarra), David Bryan(teklatuak), Tico Torres (bateria) eta Alec John Such (baxua) zituen taldekide orduan, eta egun ere horiek ditu bidelagun, baxu jotzailearen salbuespenarekin. 80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran izan zituen urterik loriatsuenak taldeak, hard rockaren oinarriak pop-rock lengoaiarekin uztartuz milioika disko saldu, mundu osoan zehar zaleak bildu eta zenbaitetan kritikaren onespena ere jaso zuten —lehen aitaturiko Slippery When Wet (1986) eta New Jerseay (1988) diskoekin, esaterako—.
Bi disko arrakastatsu horiek bere ajea eragin zuten. Taldekideak nekatu egin ziren batera eta bestera biran ibiltzeaz, eta beraien artean desadostasunak sortu ziren. Horren ondorioz taldeak atsedena hartu zuen 90eko hamarkada hasieran. Behin betiko atsedena izan zitekeela ere iragarri zuen batek baino gehiagok kantariak Glaze of Glory (1990) bere bakarkako lehen diskoa plazaratu zuenean. Baina ez zen halakorik gertatu. Richie Sambora gitarra jotzaileak ere bere egitasmoak gauzatu izan ditu, eta, droga mendekotasun arazoak izan dituen arren, taldeak aurrera egin izan du beti.
25 urtetik gorako ibilbidean bi atseden luze egin ditu Bon Jovik. —1990etik 1991ra aurrena, eta 1997tik 1999ra bigarrena—. Lisboako kontzertuarekin bira amaitu ostean, hirugarren atseden luzea egingo dutela adierazi dute taldekideek. 11 urtez atsedenik gabe errepidean izan da talde estatubatuarra, eta tartean estudioko sei disko plazaratu ditu. Zenbait urtetako atsedena hartuko dutela iragarri dute oraingoan.
Tonaka ikuskizun
Bon Jovik bere ibilbide osoko kantuak joko ditu gaur Donostiako Anoeta estadioan, Europako birako azken-aurreko kontzertuan65 kamioi behar izan dira 800.000 watteko soinu indarra duen agertokia eraikitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu