Tonino Guerra gidoigilea hil da

Besteak beste, Fellini, Di Sica, Tarkovski eta Antonioni zinema zuzendarientzat idatzi zituen gidoiak

Inigo Astiz
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
II. Mundu Gerran eta Alemaniako Troisdorf kontzentrazio esparruan. Gune eta garai latzean hasi zuen bere ibilbidea Tonino Guerra antzerkigile, poeta, gidoigile eta eleberrigile italiarrak (Santarcangelo di Romagna, Italia, 1920-2012). Preso zeuden herrikideentzat idatzi zituen bere lehen poemak, romagnolez, bakardadeari aurre egiteko. Mundu osora heldu ziren gero haren sorkuntza lanak. Barru-barrutik ezagutu zuen Italiako zinemagintzaren urrezko garaia deiturikoa. Luzea bezain esanguratsua da euren filmetarako Guerraren gidoiak erabili zituzten zuzendarien zerrenda: Federico Fellini, Michelangelo Antonioni, Vittorio de Sica, Taviani anaiak, Theo Angelopulos, Andrei Tarkovski... Atzo hil zen, 92 urte bete berritan, sorterrian, Rimini ondoko bere etxean.

Baziren hilabete batzuk gaixo zegoela, eta zinema jaialdi bat baino gehiagori egin behar izan zion uko horregatik. Erreferentzia bat zen. 1956an hasi zen zinemagintzan lanean, Giuseppe De Santis zuzendariarentzat, eta telebistan, antzerkian eta eskulturan ere aritu zen lanean. Hollywooden hirutan izan ziren haren lanak gidoirik onena jasotzeko hautagaien zerrendan; Antonionik zuzendutako Blow-up filmarekin (1966), Carlo Pontik zuzendutako Casanova 70 lanarekin (1965) eta Fellinirentzat egindako Amarcord-ekin (1973). Guerrarenak dira film horien oinarriak. Oscarrak irabazi zituzten beste sei filmen gidoiak ere egin zituen.

Cannesko zinema jaialdiko sari nagusia ere bereganatu zuen 1998an, Mia aioniotita kai mia mera (Eternitatea eta egun bat) filmarena ere. Theo Angelopulos zinemagile greziarrak zuzendu zuen lan hura (Angelopulos orain dela hilabete batzuk hil zen). 80ko hamarkadan hasi ziren elkarrekin lanean, eta lau filmetan egin zuten bat guztira. Angelopulosek zuzendutakoa da, hain zuzen ere, zinema aretoetara heldu den Guerraren azken gidoia ere: I skoni tou hronou (Denboraren hautsa).

Zinemagintzaren poeta

Zinemak eman dio itzala, nagusiki, baina ez da gidoigile soila izan. Ez zuen alderik ikusten poesiagintzaren eta zinemagintzaren artean Guerrak, eta zinemagintzaren poeta ere deitu izan diote behin baino gehiagotan, haren lanen poetikotasunagatik. «Ez dago ezberdintasun handirik gidoiak idaztearen eta poemak idaztearen artean. Biek helmuga bera dute: irudiak sortzea». Etxean ikasitako hizkuntzan idatzi zituen poemak, romagnolez. «Nire odolaren hizkuntza da. Hizkuntza horretan arnasten dut». Italo Calvinok, esaterako, estimu handian zuen Guerraren poesia. Idatzita dago: «Hemendik ehun urtera Guerraren poesia irakurtzeko ikasiko du jendeak romagnola».

Eskolako maisu izan zen zinemagintzan hasi aurretik, baina 50eko hamarkadan Erromara eraman zuen lanbide hark, eta erabat murgildu zen gidoigintzan. Sona lortu ostean, ordea, sorterrira itzuli zen, eta han zendu da. Badu poema eder bat sorterrira itzultzeari eta heriotzari buruzkoa: «Erroma utzi nuen nik./ Nekazariek lurrak utzi dituzte./ Enarek nire herria utzi dute./ Fededunek elizak utzi dituzte./ Errotariek errotak utzi dituzte./ Mendizaleek mendiak utzi dituzte./ Graziak utzi egin ditu gizakiak./ Norbaitek dena utzi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.