Toronto International Film Festivalera (TIFF) Film Factory nazioarteko kudeaketa agentziaren bidez iritsi da animazio filma. Nazioartean garrantzia eta prestigio handiko zinemaldia da, eta AEBetan sona handia du zinema independentearen alorrean.
Gaur zabaldu dute filmaren teaser-a, eta irailaren 11n trailer ofiziala. Hain zuzen, egun horretan emango dute Black is Beltza animazio filma Toronton.
Zinema aretoetan urriaren 5ean izango da estreinaldia.
Duela ia hamar urte hasi ziren Muguruza eta Harkaitz Cano idazlea Iruñetik New Yorkera joandako erraldoien istorioari forma ematen; Jorge Alderete marrazkilari argentinarrarekin komiki liburu bat kaleratu zuten aurrena, itzulpenak etorri ziren ondoren, kantua, bideoak eta komikian oinarritutako erakusketak, Bilbon aurrena eta Bartzelonan gero, eta animazio film bat du zain orain.
Bestetik Black is beltza erakusketa "eraberritua" irailaren 30era bitarte bisitatu daiteke Donostiako San Telmo museoan. Aurrekoen aldean, nobela grafikoaren edukiak pelikularako erabili dituzten edukiekin ordezkatu dituzte erakusketa berrian. Mantendu dute, halere, hasieratik dokumentaziorako erabilitako materialaren parte: posterrak, ikus-entzunezkoak, prentsako artxiboak eta bestelako dokumentuak. Aurrekoetan bezala, Sahatsa Jauregik josi ditu piezak, eta horien artean pisu berezia du 2000. urteko Egunkaria-ko orri batek, hark eman baitzion denari hasiera; Iruñeko erraldoiak 1965ean New Yorkera desfilatzera joan zirela kontatzen zuen artikuluak, eta erraldoi beltzak ezin izan zirela desfilean atera irakurri zuen argazki oinean Muguruzak. «Dena biltzen zen hor niretzat: arrazakeria, zentsura, beti erabiltzen dudan esana, dantzatzen den herri bat ez dela inoiz hilko».