Torrealdaik Euskal Biblioteka eratzeko eskatu du Lauaxeta Saria jasotzean

Bizkaiko Aldundiaren omena jaso du kazetari eta euskaltzainak, euskal komunitateko jendearen babesaz

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Joan Mari Torrealdairi (Forua, Bizkaia, 1942), «ospe agerikoari, idazle eta ekintzaileari, kazetari eta sustatzaileari, euskaltzale eta euskaltzainari» Lauaxeta Saria eman zion atzo Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskararen Egunaren harira Foru Jauregian eginiko ospakizunean. Euskara, kultura eta gizarte eremuetako hainbat jendek babestuta jaso zuen Bizkaiko Aldundiaren omena. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Patxi Uribarren euskaltzaina, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Joxe Mari Sors Euskalgintza Elkarlanean fundazioko lehendakaria... Bestetzuek ezin izan zuten iritsi, txingorrak eta elurrak errepide sarean sortutako traben ondorioz. Ordu laurden beranduxeago hasi zen ekitaldia.

Garaikurra «pozarren» jaso zuen Torrealdaik, «euskaran egin dudan ibilbidea aitortzen duelako, Bizkaiko Aldundiak ematen didalako eta Lauaxeta Saria delako». Eta bere belaunaldiari, «Jakin taldeari» eskaini zion, euskal bibliografia jasoko duen Euskal Biblioteka aldarrikatzearekin bat.

Euskararen Gernika

Gogorarazi zuen 1917an «abertzaleek hauteskundeak irabazi» zituztela Bizkaian. Eta «ordura arte talde sakabanatu eta gizabanakoen lana izan zena -Quadra Salcedo, Odon Apraiz eta Euzko Gaztediren Estudios Vascos- diputazioaren inguruan indartu zen». Baina, «zoritxarrez abertzaleek goizegi galdu zuten boterea, eta ondorioz, Euskal Herri osorako hainbat egitasmo bertan behera geratu ziren». Aurki izango da mendebete proposamen horiek egin zituztenetik, eta Torrealdairen ustez, «aukera ona litzateke egitasmo horiek berrabiarazteko».

Lauaxeta ere izan zuen gogoan sarituak. «Informazio lanetan zebilela atxilotu eta hil zuten, La Petite Gironde-ko kazetariari, Georges Berniard-i, Gernika birrindua erakutsi ondoren». «Lauaxetaren Gernika hura» bere euskara dela dio Torrealdaik; «euskara gutxietsia eta erasoa». «Hainbat aldiz saiatu naiz Estatu jakobinoak euskararekin izan duen jokabide maltzur eta txikitzailea jendeari erakusten». Euskararen Liburu Beltza kaleratzean Ander Manterolak ohartarazi zion: «Ez dizute barkatuko». 2003an baieztatu zuen Torrealdaik «Ander lagunak begi luzea» duela, Egunkaria-ren aurkako operazioan atxilotu zutenean. «Guardia Zibilek liburu hori 'Euskara kiskaliaren Gernika' balitz bezala zerabilten, honako hau esan zidatenean: luma batzuek pistolek baino jende gehiago hiltzen dituzte».

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Josune Ariztondo Kultura diputatuak eman zioten garaikurra. Bilbaoren esanetan, «Lauaxetaren balioetako batzuk dauzka Torrealdaik: askatasun intelektuala eta ideologikoa batetik, eta euskal kulturarekiko maitasuna eta humanismoa bestetik». Egunkaria auzian epaitua eta absolbitua izan zen Torrealdai, eta «une latz» horiek gaitzetsi zituen Bilbaok. «Jakin ezazu Joan Mari, hemen gauden guztiok zure errubakotasunean sinistu genuela beti. Horregatik egin izan ditugu ahaleginak zure alde», esan zuen diputatu nagusiak. Bideo biren bidez, hainbat jendek goratu zuen Torrealdairen ibilbide engaiatua; esaterako, Pete Cenarrusa Idahoko senatariak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Laura Mintegi Euskal PEN Klubeko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.