Datorren uztailaren 23tik 27ra artean ospatuko da 49. Jazzaldia; programazioan iragarritako izen handi guztiak berretsi ditu, eta jakinarazi du aurtengo Donostiako Jazzaldia saria Toshiko Akiyoshi pianista eta orkestra zuzendariari emango diotela. Jazzaldiak, 1994tik hona, urtero eman du Donostiako Jazzaldia saria.
Akiyoshik bere bikotekide Lew Tabackinekin batera zuzentzen duen laukotearen buruan joko du, uztailaren 26an, 18:30ean, Kursaaleko entzun-aretoan.
Izar guztiak berretsita
Aurkezpen ekitaldian, antolakuntzak berretsi egin ditu 49. edizioan agertokietan arituko diren musikariak. Horien artean, Ray Davies, Bobby McFerrin, Chick Corea & Stanley Clarke, George Clinton, Nicholas Payton, Sun Ra Centennial Dream Arkestra, Dee Dee Bridgewater, Echo & The Bunnymen, John Scofield, Dave Holland, The Horrors, Delorean, Muhal Richard Abrams, Bugge 'n' Friends, Enrico Rava, Snarky Puppy, James Vincent McMorrow, Eric Reed, L’Ochestre d’Hommes-Orchestres, Wadada Leo Smith, Wire, Vintage Trouble, Kristin Asbjørnsen, Austra eta beste hainbat.
Bestalde, sare sozialetan Jazzaldiari buruzko iruzkinak egin nahi dituztenek #jazzaldia traola erabili ahal izango dute, etiketa horrekin identifikatuko baititu Jazzaldiak bere informazioak ere.