Katalana da Rosa Baches, baina 17 urte daramatza Hanburgon bizitzen. Duela bi urte auzoz aldatu zenean, hiriko transexualak bizi ziren ingurua zela konturatu zen. «Nire kale berean transexual latinoamerikarrez betetako etxe bat dago, eta etxe horri buruzko dokumental bat egiteko ideiak guztiz liluratu ninduen». Ideia horretatik abiatuta grabatu zuen Las joyas de la calle lehen film luzea. Viktoria Eugenia antzokian erakutsiko dute gaur, 22:30ean.
Eva, Kelly, Chiqui eta beste hainbat lagun dira «kaleko harribitxiak». Bachesek urtebete egin zuen haiekin hizketan, haien egunerokoa ezagutzen. «Denak atzerritarrak ginen han, eta hizkuntza berean hitz egiteak ere asko lagundu zuen». Filmean agertzeari ezezkoa eman zioten askok, baina ateratzeko prest zeudenak topatzeko arazorik ere ez zuen izan.
Lagun horietako askok bizipen gogorrak izan badituzte ere, dramatismotik aldendu nahi izan du Bachesek. «Istorio dramatikoak agertu beharrean, egunerokoan nola bizi diren ezagutzeko jakin-mina ase nahi izan dut».
Transexualen egunerokoa dramatik aldenduta agertu du Rosa Bachesek
Zuzendari katalanak Hanburgon grabatu du lehen film luzea: 'Las joyas de la calle' dokumentala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu