Transhumantziaren bidea hartu duen musika bildu dute Etxekopar eta Rossek

Pianoa, txirula, joare, poesia eta nota esperimentalekin osatu dute disko berria artista alsaziar eta zuberotarrek

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Poitierseko kontzertu gela batean ezagutu zuten elkar. Hor zeuden Mixel Etxekopar eta François Rosse, beste batzuen artean. Elkarrekin afaldu, elkar solastatu, eta gaua hortxe bururatu zen. Baina segitu zuten elkar gurutzatzen; bereziki, Uzesteko Bernard Lubat musikari okzitaniarraren jaialdian.

Eta, halako batean, Rossek Etxekopar deitu zuen, elkarrekin kontzertu bat emateko Bordelen, han bizi baita aspaldian Rosse, nahiz eta jatorriz alsaziarra izan. Zer emanen zuten galdetu zion Etxekoparrek, eta Rossek, «hori gero ikusiko». Etxekoparrek baietza eman zuen, batere neurtu gabe zertara zihoan, baina, aldi berean, aspalditik horren beha zegoela, nonbait, argi. Bide horretatik dator Transhumantzia disko berria (Elkar), Durangon aurkeztuko dutena zuzenean abenduaren 7an, 14:30ean, Plateruenan.

Zer musika egiten duten? Hor dago pianoa, hor dago txirula, baita Izturitzeko harpeetan aurkitu 30.000 urte dituen txirularen kopia ere. Hor daude joareak, ahotsak, baita txori hotsak ere. Hitzen aldetik, Etxekoparrenak gehienak, JosAnton Artzeren bat, baita herrikoiak ere.

Horiek erranik, guztia lapikoan sarturik, hau da, Elkarren estudioetan, hortik atera da diskoa. Noiztenka soinu esperimentalak direla erran daiteke, agian, baina hitzen bidez azaltzeak ekartzen ditu zenbait zailtasun. Funtsean, haiek ere ez dute idazten. «Ez dugu sekula paper batean idatzi zer joko genuen aitzinetik edo ondotik», bertsolariei konparatu zuen beren burua Etxekoparrek. «Ahozkotasunak ematen digu zubien egiteko gaitasuna». Eta horrek ekartzen du ez dela behinere errepikatzen gauza bera; transhumantzian bezala, hain justu. «Transhumantzia txintxarri batekin hasten da beti, eta txintxarri batekin bukatzen da beti. Zer gertatzen den artean? Zuberoan badakigu nola den. Batean elurra duzu, batean eki gorria, bestean ardiak gauaz gau eta nekatuak... Beti ber bidea da, baina sekulan ez da berdin». Diskoan, gauza bera.

François Rossek horrela laburbildu du diskokoa. «Hemen, bortuzale liluragarria lurraren ume, eta pianoa, hiritartasunaren ume izanik ere, transhumantziako bidearen bila... Musikaren arrazoia auzoa baitan partekaturik». Rosse bera da pianista eta nozteinka kantari. Baina 400 bat konposaketa lan idatziak ditu. Olivier Messiaen konpositorearen ikaslea ere izana da. 18 urteak arte, gainera, piano bat hunki gabe ibilia da, Alsaziako mendiak buruz ezagutzen, Alsaziara mintzatzen, txoriak entzuten. Eta horrek ere badu eraginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.