Telebista

'Tribuaren berbak' saioak grabatua duen azken atala emango dute gaur

Euskararen inguruko tarteak etenaldia izango du, eta baieztatu dute martxoan itzuliko dela saioa.

Kike Amonarriz ETBko aurkezlea. 'Tribuaren berbak'. EITB
Edu Lartzanguren.
2015eko otsailaren 5a
21:58
Entzun

Gaur emango dute Tribuaren berbak saioaz grabaturik daukaten azken saioa. Airean zegoen haren etorkizuna; hasieran, saioa bukatutzat eman zen, eta abendutik aurrera ez da grabaketa gehiago egin, baina Kike Amonarriz aurkezleak sare sozialetan baieztatu du martxoan izango dela bueltan.

Zabalduta dagoen usteaz bestera euskararen mundua zein handia eta zabala den erakusteko helburua du Kike Amonarrizek aurkezten duen saioak. Ustekabeko arrakasta izan zuen lehen denboraldian. Saioa «oso dinamikoa» zelako eta ikuspegi «alai eta positiboa» ematen zuelako harritu zituen ikusleak, Amonarrizek orduan esan zuenez. Denera, 33 atal eman zituzten. Urrian abiatu zuten bigarrena, «Zergatik da garrantzitsua euskara?» galderari erantzuna aurkitzeko asmoz.

Euskara, eredua

Euskal Herrian hizkuntza leheneratzeko eginiko lanak munduko beste lekuetan izan duen eragina erakutsiko dute gaurko saioan. Eredu ere bagarelako izenburu adierazgarria jarri diote. Beste hizkuntza batzuentzat euskarak gaur «itsasargiaren papera» egiten duela diote Tribuaren berbak saiokoek.

Nazioarteko lankidetzaren alorreko Garabide elkarteko Ander Bolibar eta Maddi Iñarrarekin hitz egingo dute, hasteko. Euskara normaltzeko lanean ikasitakoa Txileko maputxeekin edo Afrika iparraldeko amazigh herriarekin nola lantzen duten azalduko dute.

Andoni Egaña bertsolariarekin, berriz, bertsolaritzak munduko beste ahozko inprobisatzaileei irakatsi diena eta bertsolariek haiengandik ikasi dutena aztertuko dute.

Hurrengo gonbidatua Asier Amondo izango da. 19. Korrikaren koordinatzailea da Amondo, eta, Korrika eredu harturik, Irlandan, Galesen, Katalunian, Bretainian, Galizian eta Europako beste leku batzuetan bertako hizkuntzen alde egiten dituzten lasterketen berri emango du. Mertxe Mugika AEK erakundeko koordinatzaile nagusiak, berriz, helduen euskalduntze eta alfabetatze lanerako kanpoan ikasitakoak azalduko ditu, eta atzerrian Euskal Herritik ikasi dutena ere bai.

Amaitzeko, normalizazioan aurrera jarraitzeko egin beharreko urratsez arituko dira Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Poltikarako sailburuordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.