Trumoiak eztanda ozena egin zuen atzo Donostian, 21:30 zirenean hain justu. Anoetan Bruce Springsteen ikusteko bildutako 43.000 bat zaleek oihu egin zuten batera. Horietako asko urduritasunak janda zeuden jada, 21:00etan baitzen hastekoa emanaldia. Baina 21.34an itzali zituzten argiak, eta minutu bat geroago agertu zen The Boss, foku baten azpian. Orduan baretu ziren urduritasunak. Orduan areagotuAnoeta zelaia eta harmailak goraino bete zituztenen emozioak. «Gabon, mila esker!!» eta «gabon Donostia!» esan, eta bost minutu lehenago eztanda egin zuen trumoiari trumoi are ozenago batek eman zion jarraipena. Horren indarrak Anoetan bildutakoak asetu zituen, euripean izan bazen ere. Doinu zaharrak eta Wrecking Ball-eko (2012) doinuak nahastu zituen hiru orduko emanaldian.
Springsteen euria noiz hasi zain egon zela zirudien. Izan ere, 20:30ak eta 21:30ak bitartean apenas bota zuen tantarik. Nahikoa, ordea, harmailetako lehen ilaretako aulkiak bustitzeko. Horrek eragin zuen sarbideetanjendetza biltzea, eta nolabaiteko kaos uneak eragiteak. Baina jendeak beldurra galdu zion bustitzeari, eta bakoitzak bere eserlekua hartu zuen. Zelaian bildutakoen artean, aldiz, euritakoak, zirak, pontxo finak.. Eta ia denak eszenatokira begira. Alde batera, pantailetako baten gainean, AEBetako bandera zintzilik. Beste aldean, beste pantailaren puntan, Ikurrina. Jendea horrelakoei erreparatzen ari zen, Springsteen azaldu bitartean. Olatuarena ere egin zuten, txistu ozen...
Agertu zen azkenean, eta eguraldiari zein bildutakoei keinu bat eginez, Creedence Clearwater Revival-en Who Stop the rain ederra bezain mitikoarekin eman zion hasiera kontzertuari. Kamiseta beltzarekin eta tejanoekin agertu zen eszenatokian. Molde klasikoan. We take care of our ownjo zuen hurrena, eta Wrecking ball hirugarrena. Gozagarria zen Springsteen bera, Steve Van Zandt karismatikoa, Nils Lofgren etaGarry Tallent ezker eskuin jotzen ikustea;publikoari begira, serioa, eta postura rockeroa hartuta.
The Ties that Bind ereserki mitikoa izan zen laugarrena. Gustuz hartu zuten mundu guztitik etorritako Springsteenen zaleek. Antolakuntzako kideek adierazi zuten bildutakoen erdia baino gehiago Euskal Herritik kanpokoa zela.
Clemonsen iloba
My city of ruins soul doinu sentsual eta goxoa baliatu zuen The Boss-ek taldekideetako batzuk aurkezteko. Eta Clarence Clemons iaz zendutako saxofoi jotzailearen ilobak, Jakek, eraman zituen esku zarta handienak. Bere osabaren lekukoa hartu du. Haize ataleko kideei eta Springsteeni koruak egin zizkioten hiru abeslariei ere erruz txalo egin zitzaien. Kontzertua martxa hartzen hasita zegoen.
The E Street Band-eko kideek, gainera, ez diote hutsik egiten. Badira ia 40 urte sortu zutela, eta Springsteen-ek haiekin jo du beti,1988 eta 1999 artean izan ezik. Sasoi hartakoak dira, 1992koak, Human Touch eta Lucky Town diskoak. The Boss-en zaleek ez dituzte lan horiek gehiegi maite. Bandaren soinurik ez daukatelako. Izan ere, Springsteen bera bezainbeste maite dituzte Roy Bittan (pianoa eta sintetizadorea), Nils Lofgren (gitarra eta ahotsa), Garry Tallent (baxua), Steven Van Zandt (gitarra eta ahotsa) eta Max Weinberg (bateria).
Springsteen-ek Euskal Herrian emandako laugarren kontzertua izan zen atzokoa. 2007ko azaroaren 25ean Barakaldoko BEC erakustazokan aritu zen. 2008ko uztailaren 15ean Anoeta estadioan, eta 2009ko uztailaren 26an, San Mamesen.
Anoetan bildutakoa ikusleak asebete eta gero, atzo gauean hegazkin bat hartu zuen Lisboara joateko. Han joko du gaur, Rock in Rio jaialdiaren barruan. Gero beste 23 kontzertu emango ditu Europako lurretan; azkena Helsinkiko (Finlandia) Olinpiar Estadioan, uztailaren 31n. Joan den maiatzaren 13an aurkeztu zuen disko berria Europan aurrenekoz, Sevilllan. Guztira 33 kontzertu eskainiko ditu Europako 16 herrialde ezberdinetan.
Helsinkikoaren ondoren pare bat asteko etenaldia egingo dute Springsteenek eta E Street Band-eko kideek, eta zuzeneko emanaldiei ekingo diete, atzera, AEBetako lurretan; Bostonen, hain zuzen ere, abuztuaren 14an. Iragan martxoaren 9an abiarazi zuten Wrecking Ball bira, AEBetan, Atlantan. The Boss-ek azkeneko bost urteotan egindako hirugarren bira luzea da. Magic 2007ko urriaren 2an hasi zen, eta 2008ko abuztuaren 30ean bukatu. Working on a dream, berriz, laburragoa izan zen: 2009ko apirilean eman zuen Springsteenek lehen emanaldia, eta urte bereko azaroaren 22an azkenekoa.
.
Trumoiari, trumoi are ozenagoa
Bruce Springsteenek kontzertu bikaina eskaini du Donostian, euripean. Kantutegi zaharreko eta berriko doinuak nahastuta, Anoetan bete duten zaleak asebete ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu