Musika

Ttakunaren memoria, gordeta eta bizirik

Txalaparta. Artze anaiak diskoan zazpi grabazio bildu ditu Elkarrek. Bi anaien ibilbidea laburbildu du Juan Luis Zabala idazleak CDaren liburuxkan. Interneten beste 60 bat grabazio jarri dituzte entzungai.

Juan Luis Zabala eta Anjel Valdes, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko azaroaren 12a
09:54
Entzun

«Gure kulturak, eta beste kultura guztiek, karramarroaren antzera egiten dute: atzerantz begiratzen dute, baina aurrera joaten dira». Hitz horiekin laburbildu du Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak Txalaparta. Artze anaiak diskoa argitaratzeko arrazoia. Joxean eta Jesus Artzek bere garaian txalapartaren bitartez egin zuten ekarpena jaso eta ezagutaraztea, eta biei aitortza egitea du helburu argitalpenak. Horretarako, haien txalaparta saioen grabazioak entzun, sailkatu eta bildu dituzte. CDan zazpi grabazio jaso dituzte, eta, liburuxkan, haien ibilbidearen laburpen bat osatu du Juan Luis Zabala idazleak. Interneten, berriz, beste 60 bat grabazio jarri ditu diskoetxeak entzungai. Valdesek eta Zabalak goizean egin dute egitasmoaren aurkezpena, Donostian, Artzetarren hainbat senide bertan zeudela.

Joxean eta Jesus Artzeren etxeetatik jasotako hainbat grabazio jaso eta ordenatzeko ahaleginaren emaitza da argitalpena, Valdesen hitzetan. Zazpi bat-bateko saio jaso dituzte CDan, 1966, 1967, 1968, 1969, 1970, 1971 eta 1975 urteetan grabatutakoak. Garai hartan jardun zuten, bereziki, Artze anaiek txalaparta berreskuratzeko lanean, euskal kultura biziberritzearen aldeko mugimenduaren barruan. Valdesek esan duenez, edozein herritan txalaparta entzutea normaltzat hartzen da egun, erabat integratua dagoelako eta, herri musikaren barruan, «sekulako maila» lortu duelako urteotan. Baina gogorarazi du Artze anaiek egindako «ekarpen ikaragarria» gabe ez zela posible izango. «50 urte atzera joanda, ikusten dugu une hartan txalapartak sortutako harridura eta zirrara ikaragarria izan zela. Euskal kantagintzaren mugimenduak zeraman espiritu berrizale eta garaikide guztia zuen barruan, eta bi anaiek jakin izan zuten hori arima horretatik ateratzen».

Bi pertsonaren arteko elkarrizketa da, finean, txalaparta, eta jotzaileen uneko emozioak islatzen ditu, Valdesek gogora ekarri duenez. Naturarekin eta espiritualtasunarekin ere lotu du. «Txalaparta gure musikan sartzen denean, giza elementu garrantzitsu bat ekartzen du, memoria historiko oso inportante bat, oso naturala, seguru asko kobazuloraino eramaten gaituena, sorbururaino. Hor dago Artze anaien ekarpenik inportanteena». Hori guztia aintzat hartuta, «aspaldi egin beharreko lana» zen argitalpena, Valdesen ustez. Eta «musikatik harago doan ahalegina» dela gaineratu du, sakontasun handikoa. «Guretzat oso inportantea da eredu hauek argitaratzea eta konpositore eta jotzaile berriei esatea: ‘Zuk jo edo kantatu ezazu nahi duzun bezala, baina jakin ezazu hemendik gatozela, hauxe dela erreferentzia’».

«Txalaparta musika tresna bat baino askoz ere gehiago da», Zabalaren ustez ere. «Euskal kulturaren munduaren berreskuratze baten sinbolo handi bat da; Ez Dok Amairuren garaian, Remigio Mendibururen txalaparta hura izan zen ikurra, eta Artze anaiek zuaznabartarrengandik eta beste batzuengandik jasotako altxor hori, galtzear zegoena, berreskuratze horren ondotik noraino iritsi den ikusita, bada musika tresna bat baino askoz ere gehiago, musika tresna izateari utzi gabe». Ildo beretik, zera gehitu du: «Garrantzitsua da esatea Artze anaiek eraman zutela ezkutuan zegoen elementu bat mundura; garaiko abangoardiako kulturarekin lotu zutela, eta mundura zabaldu zutela. Gure kulturaren sinbolo bat da horregatik, gure kulturaren kasuan ere egon delako halako berreskuratze eta zabaltze bat, txalapartarekin batera joan dena».

2003an, Joxean Artzek eskatuta, Jexux Artzeren biografia idatzi zuen Zabalak: Jesus Mari Artze, ttakunaren esku isila. «Liburu hura nire izenarekin argitaratu zen; baina, berez, Joxean Artzek zuzendu zuen: bera izan zen liburuaren zuzendaria eta zuzentzailea. Neurri handi batean, bion artean idatzi genuen», zehaztu du. Liburuxkan, ibilbide horren laburpen bat egin du idazleak, grabazioak beren testuinguruan kokatze aldera. Kronologia bat ere gehitu du horretarako.
Argitalpena «egin beharreko lan bat» zen Zabalaren ustez ere. «Seguru asko ez da oporrak hartu eta gero kanpora goazenean kotxean jarriko dugun diskoa; ez da, beharbada, atsegin errazerako disko bat, baina nik uste dut beharrezko lekukotasun bat dela, eta baliagarria izango dela alderdi askotatik: lekukotasun hori bilduta uzteko, eta edozein entzuleren eskura jartzeko».

Internet, zabalkunderako
Artze anaien ekarpena ahalik eta gehiena ezagutarazteko, beste 60 bat grabazio jarri ditu entzungai diskoetxeak, Interneteko hainbat plataformatan —Spotify, Youtube...—. Beren ibilbide osoko piezak eraman dituzte sarera; CDra, berriz, ibilbidearen sintesi bat. Valdes: «Argitalpen digital ugaria eta sendoa jarri da martxan, nolabait gaurko txalapartarien eredu izan daitekeena. Gure kulturaren memoria elikatzen eta loratzen duten piezak direla uste dugu».

Artze anaien senideei eskerrak eman dizkie Valdesek, argitalpena osatzeko ondare hori guztia haien esku uzteagatik. «Nik uste dut gure kulturaren ondare horren berreskuratzean pauso txiki bat eman dugula memoriaren ekarpen honekin. Aitortza bat ere egiten diegu anaia biei, haiek egin zuten lanagatik eta geure esku utzitako altxor honengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.