'Tu Ya Da Hun Shi' txinatarrak irabazi du Urrezko Hartza

Ariel Rotterren 'El otro' izan da beste garailea Berlinalen, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazita

AGENTZIAK BERLIN
2007ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Wang Quan'an txinatarren alde egin zutenak ez ziren oker. Tu Ya Da Hun Shi filmak Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi du. Berlinale Palasteko galan iragarritakoari nahiko harrera ona egin zioten, epaimahai ekumenikoak bere saria emana baitzion aurrez.

Aurtengo zinemaldian, baina, beste irabazle bat egon da, Ariel Rotterren El otro. Epaimahairen Sari Nagusia eraman du Argentinako filmak, eta, gainera, Julio Chavezek film horretan jokatutako rolarengatik aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du. Emakumezkoen artean, Nina Hossalemaniarrak irabazi du aktore onenaren Zilarrezko Hartza, Christian Petzolden Yella-n jokatutako rolari esker.

Bestalde,epaimahaiaren erabakiz --Paul Schrader AEBetako zuzendaria izan du buru--, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza Joseph Cedar zinemagile israeldarrak eraman du, Beaufort filmarengatik.

Horrenbestez, nazioarteko zirkuitu komertzialak urrun dituzten bi egile film saritu dituzte aurten Berlinalen, Wang Quan'an txinatarrarena eta Ariel Rotter argentinarrarena.

Wang Quan'anek pozik jaso zuen Urrezko Hartza. Mongolian kokatutako Tuya gaztearen maitasun istorioak epaimahaia konbentzitu du. Ariel Rotterrek, berriz, hunkiturik jaso zuen Epaimahaiaren Sari Nagusia, eta «zinema mota jakin bati» egindako aitortza dela esan zuen. Filmak lortutako sari garrantzitsua jasotzean «filmean lan egin dutenen familiarekin» gogoratu zen zinemagilea.

Rotter oso pozik zegoen atzo, Julio Chavezek bere filmean aritzeagatik aktore onenaren saria irabazi duelako, halaber. Chavez zortekoa da Berlinalen. Izan ere, iaz Alfred Bauer saria eman zuen Chavez rol nagusian zuen El custodio filmak. Aurten Sai Bo Gu Ji Man Gwen Chan A Koreako lanak eraman du, Park Chan-wookena.



ZUZENDARI ONENA, ISRAELDARRA. Beaufort filmaren merituak onartu zituen kritikak duela egun gutxi lan hori eman zutenean, baina Libanoko gerran kokatutako istorioaren ustezko neutraltasunean ez zuen sinistu. Joseph Cedar zinemagile israeldarra kipa jantzita azaldu zen proiekzioaren osteko prentsaurrekora, eta Siriako kazetari baten galderari ez zion erantzun. Berlinaleko epaimahaiak nolanahi ere, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eman dio, eta Israelgo zinemarentzat bultzada handia da aitortza hori.

Bestalde, Alemaniako zinema ez da esku hutsik joan. Yella-k sari bat irabazi du, emakume aktorearen Zilarrezko Hartza. Giro ilunean zonbien istorioa garatzen du lan horrek. Saria Nina Hossek irabazi du, Christian Petzolden lanean jokatutako rolari esker.

Berlinalen garaitzeko faboritoen artean sartzen zituzten beste lan batzuk saririk gabe geratu dira; esaterako, Steven Soderberghen The Good German. Robert De Niroren The Good Sheperd lanari ere aukera anitz eman zizkion kritikak, baina bakarrik ekarpen artistikoaren Zilarrezko Hartza eraman ahal izan du, bigarren mailako sari txiki bat. Frantziako filmak ere indartsu azaldu ziren Berlinalen, Olivier Dahanen La mome. La vie en rose eta atzo zinemaldia itxi zuen Angel, Francois Ozonen lana tartean. Baina film frantziarrek ere ez dute aitortzarik lortu, Techine eta Rivetteren lanak barne.

Bestalde, opera prima onenaren Zilarrezko Hartza Rajnesh Domalpalliren Vanaja-k eraman du, eta musika onenaren Zilarrezko Hartza David MacKenzieren Hallan Foe-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.