Frankismo garaian, hainbat euskal apaiz giltzapean sartu zituzten Zamorako (Espainia) espetxean. Bertatik ihes egiten saiatzea erabakita, tunel bat zulatzeari ekin zioten, eta urte eta erdiko ezkutuko lanen ondotik, beste aldean argia ikustera ere iritsi ziren. Azken unean, baina, tunela atzeman egin zuten espetxezainek, eta ihesaldia zapuztu. Apaiz haien artean zen Xabier Amuriza, eta orain, ihesaldi saio hura gertatu zenetik ia mende erdia igaro denean, istorio hura eleberri baterako oinarri gisa hartu du. Fikziora eraman du, ordea, elementu fantastiko bat erantsita: neska bat agertuko da kartzela barruan, apaizei ihes egiten laguntzeko.
Kartzela haren berezitasunak azaldu ditu Amurizak liburua aurkezteko agerraldian —kartzela konkordatua zen, Vatikanoak eta Francoren erregimenak adostu zutenez, apaizak giltzapetzeko gune berezia—, eta baita bertan euskal apaizek egin zuten tunelarenak ere. Baina eleberrira eramandako tunel horren "berezitasunik nabariena", Amurizaren hitzetan, zera litzateke: bertako protagonista neska bat dela. "Hortxe filtratu zen eta —askoz zailagoa dena— hortxe gordetzen da, leku inposiblean. Neska bat gizonezkoen kartzelan, eta gizonezko apaizen kartzelan".
Bertsolari gisa da ezagun batez ere Xabier Amuriza (Zornotza, Bizkaia, 1941), baina sortzaile polifazetikoa da. Itzulpenak, poesia, diskoak, eleberriak, saiakerak... askotariko lanak ondu ditu urteotan. Bere liburuen artean daude, besteak beste, Menditik mundura poema liburua (1977, Egilea editore); Hil ala bizi eleberria (1983, Elkar); eta Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza saiakera (2010, Lanku).