Aurtengoak egin du. Donostiako Zinemaldiaren 52. ekitaldia historiara pasatzear da. Jada ezagutzen ditugu sail ofizialeko lehiaketako film guztiak, eta hiru Donostia sariak ere jabe berrien eskuetan daude dagoeneko azkena bart jaso zuen Jeff Bridges aktore estatubatuarrak Kursaalean.
Badirudi kritikariak eta ikusleak bat datozela aurtengo sail ofizialaren batez besteko maila ona izan dela esatean. Beharbada ez da besteen gainetik nabarmen gailendu den filmik izan, baina lehiaketan parte hartzeko merezimendurik egin ez duenik ere ez.
Zuzendari ezagunen aldeko apustua zen aurtengo Zinemaldiaren ezaugarrietako bat eta John Saylesek, Adolfo Aristarainek, François Dupeyronek, Robert Guediguianek, Victor Gaviriak edota Goran Paskaljevicek ez dute dezepzionatu. Horietako batzuen lanak daude kiniela gehienetan —Aristarainen Roma—, bereziki, eta azken orduan sartu da faboritoen artean Turtles can fly filma ere. Aurtengo sorpresa izango zela aireratu zutenek asmatu zuten, jendearen oso gustukoa gertatu baitzen Kurdistanen jaio eta Iranen bizi den Bahman Ghobadi zuzendariak Irakeko gerrak haurren bizimoduan sortutako ondorioak mordu gordinean erakusten dituen filma.
Ikusteke dago Mario Vargas Llosa buru duen epaimahaiaren erabakiak bat egingo duen adostasun horrekin edo, urtero bezala, txaloak txistu bihurtuko diren. Erantzuna gaur arratsaldeko lauretan.
Donostiako zinemaldia
'Turtles Can Fly'-k irabazi du urrezko maskorra
'Turtles can Fly' filmeak eskuratu du aurtengo urrezko maskorra. Bahman Ghobadik zuzendutako filmak. Film horretan, Kurdistango haurrek Iraken kontrako gerraren ondorena nola bizi duten islatu du Bahman Ghobadi zuzendariak, pertsonaia errealek interpretaturik. Ulrich Thomsenek eta Connie Nielsenek lortu dituzte interpretazio onenaren zilarrezko maskorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu