Liburu aurrerapena

Twist

2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ez duzu hiri honetan kasua hartuko dizun beste abokatu bakar bat ere topatuko. Eta are gutxiago irabazteko aukera duen inor. Zer esanik ez, nik bezain gutxi kobratuko dizunik. Kausa galduen garaiak joanak dira, ez zaitez engaina.

—Zein da baldintza, orduan?

—Galderarik ez. Nik diodan bezala egingo dituzu gauzak.

Ditut?

—Epaitegiez ni arduratuko naiz. Baina epaitegietatik kanpo ere asko dago egiteko.

—Hitz egin dezagun diruaz. Zenbat?

—Abokatu ezohikoa nauzu, esango zizun zerbait zure lagunak: kasua bukatu arte ez dut xemaikorik kobratzen. Gero, ikusiko dugu.

—Zer ikusi, baina?

Lokietako ile bakanetaraino zimurtu zitzaion begirada Agirre Sesmari, bihurri, horizontal, makur. Kearen hodei-aterkitik mintzo zen, anpulos.

Justizia lortzen dugun ala ez.

***

—Zergatik halako interesa? Urte asko pasatu dira.

—Eta beste asko pasatuko dira inork ezer egiten ez badu. Gerra Zibilarekin bezala gertatuko da, errezel bat ireki, lau txalo txepel igurtzi, oroitarri bat zabaldu eta kontuak eta barkamena nori eskatu geratzen ez denean justizia egin dela esango dute.

Iustitia... Ius sanguinis? Ius loci? Iustitia, barka zakarkeria, zakilbaba baino ez duzu: nork berea zurrupatzen ez badu, iristen ez delako. Aurreko aldian hori garbi geratu zela uste nuen.

—Zure ogibidea maite zenuela esan zidaten... Apasionatua zinela.

—Hara, adiskidea: bihotza tiraderan sartzen dut lanean hasten naizenean. Beste errai batzuk behar izaten dira gure ofizioan, eta behazuna irensteko gaitasuna, bikoitza.

—Orduan zertarako zara zu abokatu, jainkoarren?

—Jainkoarren ez, hori seguru.

—Laguntza behar dut.

—Eta nik zure benetako arrazoia behar dut jakin, Lazkano jauna.

—Esan dizut...

—Justizia nahia ez da inoiz arrazoi bat. Etortzen da jendea mendekuak bultzatuta, diru premiagatik, umiliatzeagatik, harrokeriagatik edo harrotasunagatik. Baina sekula ez justizia premiak bultzatuta. Benetako arrazoia jakin ezean, zaila izango da aurrera egitea... Barkatu, baina horixe da nire etika profesionala.

—Orduan ez dugu zertaz gehiago mintzatu.

Kasua hartuko zuela esan ez zion ba aurrekoan? Zertara zetorren orain hura? Agirre Sesmak igarri du Lazkanoren destenorea. Erasora jo du berriro abokatuak:

—Zerk ematen dizu min?

—Zerbaitek mina ematen didala esanez gero hartuko duzu behingoz kasua? Bada hori aski arrazoi?

—Zein harreman zeneukan Soto eta Zeberiorekin? Zein mesede zor zenien beraiek hil ostean ere haiei hain era likatsuan estekatuta segitzeko? Egia nahi dut.

Bazekien alu hark txepetxari lepotik heldu eta buruan airea faltatzeraino estutzen.

Sentimendu kontrajarria, ziztada bikoitza sentitu zuen Lazkanok. Soto eta Zeberio. Zirrara bikoitza.

—Tira ba. Zain naukazu. Egia izaten da beti errazena.

—Ez dut uste, hori... Egia niri bakarrik dagokit, sentitzen dut.

Zirrara bikoitza zen, baiki: batetik, abokatuaren diskurtsoaren makuluak morala zanpa-zanpa utzi ziola sentitu zuen. Bestetik, abokatua ezagutu zuenetik lehen aldiz, gizon zorrotz bat bereizi uste izan zuen bere aurrean, berak baino askoz ere eskarmentu eta ikuspegi zabalagoa zuena, ez Lazkano lako finisterre laburreko gizon ahula; lehen aldiz begitandu zitzaion hura zela dudarik gabe behar zuen abokatua. Bazekien sastrakak non astindu.

—Hara, adiskidea: soto batean gaude. Horma hauen artean esaten dena horma hauen eta nire arteko kontua da. Arre edo iso, erran edo ixo. Koñaka gustuko duzu?

—Ez, ez dut ohiturarik.

Buruaz gustura baiezkoa egin eta koñaka isuri zuen ipurdi zabaleko edalontzian, entzungor. Gero arrast ingurarazi zion Lazkanori edalontzia. Zintzurrera zuzenean, berak.

Edan bezala bota zion, dzangada bakarrean braust:

—Salatu egin nituen...

Berdin egin zion ahotsak herren, traizio.

Lazkano nola ari zen maskaldu eta ahultzen, abokatua ari zen indartzen eta nagusitzen.

—Torturatu egin zintuzten?

Parrasta egin zuen koñakak beirazko ipurdiaren kontra isurtzean. Bi basotan oraingoan. Abokatuaren arnasaren azantza asmatikoak besterik ez zuen isiltasuna urratzen. Lazkanok arnasari eusten zion, begiak hormetako kode zaharkituetarantz ihesi. Ezin haietako izenburu bakar bat ere irakurri.

Mahaiko flexo bakarra itzali zuen Agirre Sesmak. Mahaia mostradorea bailitzan, besoak Lazkanorenganantz aurreratu eta sorbaldan ipini zion eskua, taberna ixtera doan zerbitzari:

—Edan ezazu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.