Literatura

Twitteratura: itsasoan txioka

Formatu laburrak literatura bezain zaharrak dira. Hala ere, azken urteotan genero berriak garatzen ari dira nanoliteraturan. Besteak beste, Twitter eta gisako aplikazioen ondorioz ari da gertatzen fenomeno hori.

BERRIA.
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Espazioak barne, 140 karaktereko luzera gainditzen ez duen mezu idatzia da tweet (euskaraz «txio») delakoa. Jack Dorseyk idatzi zuen lehenengoa, 2006an, Twitter aplikazioa izango zenarekin saiatu zelarik: «just setting up my twttr». Sei urte geroago, 300 milioi erabiltzailetik gora ari dira Twitterren txioka, orotariko mezuak sareratuz uneoro. Ikerketa baten arabera, txio gehienek funtzio fatikoa betetzen dute, alegia, komunikazioa hasi, luzatu edo moztekoa. Horrez gain, elkarrizketarako, edukiak partekatzeko, mezuak zabaltzeko, asaldura eragiteko, norbere promoziorako nahiz propagandarako erabili ohi da Twitter. Nolanahi ere, ugariak dira sareko tresnari eman zaizkion erabilera literarioak, eta horren lekuko da twitteratura kontzeptua.

Oraingoz, twitteratura hitzak artikulu bakarra dauka, frantsesez, Wikipedian. Horren arabera, «literatur korronte» bat da, Twitterren sorrerarekin batera hasi zena 2006an, eta «mundu osoko hizkuntza eta herrialde guztietan» garatzen ari dena. Beharbada gehitxo esatea da hori, baina ezin uka daiteke twitteratura oso jarduera zabaldua dela munduan barrena. Era berean, literatur mugimendu globalago baten baitan kokatzen da, nanoliteraturan, hain zuzen. Betidanik izan diren formak formatu berriekin nahasten dira nanoliteratura delakoan, hala nola aforismoak, mikroipuinak, haikuak, esakunak, sms mezuak, telegramak, sloganak, mikronobelak, eta abar.

Duela hiru urte, Penguin Books argitaletxearen New Yorkeko sukurtsalak liburu txit berezia eman zuen argitara: Twitterature. Egileek, Alexander Aciman eta Emmet Resin gazteek, Mendebaldeko literaturako 75 maisulan eta best-seller laburtu zituzten; horietariko bakoitza, hogei tweet baino gutxiagotan. Tartean ziren Sofoklesen Edipo Errege, Thomas Mannen Herioa Venezian, Shakespeareren Hamlet eta Cervantesen On Kixote, besteren artean. Sintetizazio lan ikaragarri hark literaturako klasikoak berrirakurri eta berridazteko xedea zuen, umorearen bitartez betiere. Hainbat literaturzalek probokazio txatxutzat hartu zuten egitasmoa, 19 urteko unibertsitarioak ur lodiegitan sartu zirelakoan. Ordea, beste zenbaitek ohartarazi zuten korronte berriak sortzen ari zirela betiko itsasoan, eta horren iragarle zirela twitteratura txio haiek.

Zalaparta handia ekarri zuen Twitterature liburuak, eta, horren ondorioz, sareko bilatzailean «twitteratura» idatzi, eta emaitza gehienek hara bideratzen gaituzte egun. Bitxia bada ere, paperean eta formatu elektronikoan soilik eskura daiteke Twitterature; izan ere, testuak tweet gisa idatzita egon arren, ez zituzten argitaratu Twitterren.

Gero eta jende gehiago ari da korronte horren inguruan txioka, ur zahar eta berriak nahastu eta emaitza harrigarriak lortuz. Chindu Sreedharan idazlea izan daiteke horren adibide, zeina Mahabharatta epika hindua berridazten ari den Twitterren, Epic Retold ekimenaren bidez. OUTWIPO izeneko txiolari taldeak, bere aldetik, 1960an François Le Lionnais eta Raymond Queneauk sorturiko OULIPO (Ouvroir de Litérature Potentielle) elkartearen oihartzuna ekartzen du, nolabait. Andre Lemos idazleak, bestalde, @reviravolta, uma experiência en Twitteratura mikronobela plazaratu zuen Brasildik.

Txioaren gazi-gozoak

Irakurgailuak eta irakurtzeko ohiturak aldatzen ari diren garaiotan, badira mugarri izan diren zenbait ekimen. Japonian, esaterako, Ketai Shosetsu deiturikoak barra-barra zabaltzen hasi ziren irakurleen artean, 2008an. Sakelako telefonora egokituriko eleberriak ziren, sms mezu bidez zabalduak. Horien artean, Mika izeneko idazlearen Koizora eleberriak egundoko arrakasta izan zuen.

Bestetik, 2010eko udan Institut de Twittérature Comparée (ITC) sortu zuten Bordele eta Quebec artean. Erakunde transozeaniko berri horrek hamalau tweetez osaturiko manifestua plazaratu zuen, baita Twitteratura jaialdi bat iragarri ere. Berriki aditzera eman dutenez, aurtengo urrian egingo dute mini-jaialdia, preseski, Quebec en toutes les lettres urteroko literatur jaialdiaren baitan.

Formatuen konprimitzeaz aparte, eta Twitterren erabilera alde batera utzita, twitteraturaren giltzarrietako bat zera izan daiteke: instantean bertan edukiak mundu osora zabaltzeko aukera. Aldeko ahots batzuek esaten dutenez, twitteraturak idaztera eta irakurtzera bultzatzen ditu gazteak, baita sintesirako sena mantentzera ere. Kontrakoek, ostera, esaten dute informazioaren ugaritasunak eta abiadurak ezinbestean dakarrela urazalean gelditzea, sakontasunaren kalterako.

Horren haritik, argigarria izan liteke Woody Allenen esaldi bat, Twitter sortu baino urte batzuk lehenago esana: «Azkar irakurtzeko ikastaro bat egiten ari naiz. Gerra eta Bakea irakurri ahal izan dut, hogei minutuan. Errusiari buruzkoa da». Itxura berriz datorren arren, itsasoa bezain zaharra da eztabaida, eta beti bezain zabalik dago. Nork botako du hurrengo txioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.