Txakurrek oraindik ez dute irakurtzen ikasi, baina irakurketara animatzeko gaitasuna dutela erakutsi dute Durangoko Azokan. Saguganbaran izan dira GuKan elkarteko Naroa Ibarretxe eta Ibai Fernandez, Lukas eta Duah txakurrekin; aretoa erabat bete dute, eta primeran ibili dira haurrak lau hankatako lagunekin.
Lehen aldia da azokan ekimen hau egin dena, eta arrakasta erabatekoa izan dute. Bi borobiletan eserita, haurrak erraz animatu dira proposatutako irakurkea ariketak egitera; bitartean Lukas eta Duah denekin ibili dira jolasean, haurren musu eta besarkadak pazientzia handiz jasotzen.
Konexioa erabatekoa izan da txakurren eta haurren artean; hori da, azken finean, GuKaneko arduradunek bilatzen dutena; hala, Saguganbaran egon diren tartean, haurrek ez dute arreta galdu, eta irrikaz parte hartu dute proposatutako ariketa guztietan.