Txakurrak, untxiak eta hartzak, komuneko gerran

Yu Xiu Yuan artista txinatarrak Espainiako historiako zenbait une irudikatu ditu 'Es Baño' erakusketako lanetan

Bilbo
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Oso modu pertsonalean irudikatu ditu Espainiako historiako zenbait une Yu Xiu Yuan artista txinatarrak. Gizakiak animaliekin ordezkatu ditu haien jatorrien arabera, eta haien arteko gudak pintatu ditu. Orotara, 20 lan inguru jarri ditu Es Baño (Komuna da) erakusketan, Bilbo Arten. Lan guztietan ere, ironia puntu batez baliatu da une beliko horiek irudikatzeko. Artelanak aurreko urtean sortu zituen, martxoa eta abendua bitartean ekoizpen artistikorako zentroan egindako egonaldian. Bilbo Arten bekadun izandako lehen artista txinatarra izan da. Erakusketa hilaren 28ra arte ikusi ahalko da.

Artistak azaldu duenez, hasieran Espainiaren historia oinarritzat hartu bazuen ere, gerora munduko historia egiten ari zela ohartu zen. Hala, artelanetan, besteak beste, erromatarrak, arabiarrak, juduak, frantziarrak, espainiarrak eta euskaldunak ikus daitezke. Betiere, artistak sortutako unibertso berezi horretan, non pertsonak animalien bidez irudikatzen dituen. Juan Zapater Bilbo Arteko zuzendariaren iritziz, «mitifikatutako» animaliekin sortutako unibertso horrek bereizten du Yu Xiu Yuanen lana, baita ekialdeko iruditeria erabiltzeak ere: «Ekialdean, ez dira saiatzen errealitatea birsortzen eta begia engainatzen, baizik eta errealitatea irudikatzen». Artistak azaldu duenez, animaliei dagokienez, espainiarrak untxiek irudikatzen dituzte, «oso sinpatikoak» iruditzen zaizkiolako; euskaldunak, berriz, hartzak dira, «indartsuak» direlako; arabiarrak tximinoak dira; erromatarrak, txakurrak, eta judutarrak, berriz, ardiak. Beste asko ere azaltzen dira.

Erakusketan bi sail bereiz daitezke, erabilitako material, formatu eta gaien arabera. Kronologia hertsia erabili ez duen arren, lehen atalean orain zortzi mende inguruko historia oinarritzat hartuta egindako lanak jarri ditu. Orduko Iberiar penintsulan gertatutako borrokez aritu da. Paper gainean tintaz, arkatzez eta akuarelez sortutako margolanak dira bertoko lan guztiak. Yu Xiu Yuanek Bilboko Michel Mejuto galerian erakutsi zituen aurreko urteko udan. Erakusketa egin eta gero, saila bukatu gabe zegoela konturatu zen, eta bigarren parteko lanak pintatzeari ekin zion. Historia modernoko beste hainbat pasarte irudikatu ditu berton, besteak beste Errepublika garaikoak, Espainiako gerrakoak eta Frankismokoak. Formatu handiko olioek osatzen dute parte hori.

Erakusketari izenburu bitxia jarri dio: Es Baño. Horren harira, erdi txantxetan azaldu du komuna inspirazio leku duela. Izenburuak badu zerikusirik artistak Bilboko Guggenheimera egindako bisitarekin ere. Ez zitzaizkion museoa eta erakusketak askorik gustatu, baina bigarren solairuko komunek txunditurik utzi omen zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.