Txalaparta bakartia da gehienetan, eta ez da ohikoa orkestra batek inguratuta ikustea. Ivan Fedele maisu italiarrak (1953, Lecce), baina, txalapartaren erritmoak eta doinu sinfonikoak bildu ditu Txalaparta (Folkdance 2) obran, eta Euskal Herriko instrumentuaren doinu tradizionalen eta musika garaikidearen arteko jolas bat eratu du. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Tesela proiekturako sortutako pieza da. Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek eta EOSeko musikariek elkarrekin eskainiko dute Txalaparta obraren erabateko estreinaldia, gaur eta bihar, 20:00etan, Donostiako Kursaaleko auditoriumean. Hilaren 21ean Gasteizko Principal antzokian izango dira; 22an, Iruñean, Baluarteko auditoriumean, eta 23an, Bilbon, Euskalduna jauregian. Fedeleren obrarekin batera, EOSek Antonin Dvoraken Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua Opus 104 eta Cesar Francken Psyche (4 fragments symphoniques) pieza klasikoak emango ditu. Daniel Mueller-Schott biolontxelo jotzailea (1976, Munich) izango da bakarlaria Dvoraken obran, eta Andrei Boreiko EOSeko zuzendari nagusi gonbidatuak gidatuko du kontzertua.
Oreka TX-k halako lan bat egiten duen lehen aldia da, eta txalapartarientzat erronka handia izan da Fedeleren obra menderatzea. Ugarteren esanetan, jatorrizko partitura moldatu behar izan dute, maisuaren ideiak errealitatera egokitzeko: «Egin dugun lanik zailenetakoa izan da. Obra laburra izan arren, hilabeteak behar izan ditugu osoki menderatzeko, eta hainbat moldaketa egin ditugu Fedelerekin batera. Hasiera batean bi txalaparta eskatu zituen maisuak, hau da, lau txalapartari nahi zituen agertokian; elkarren arteko jolasa lortu nahi zuen. Hori ezinezkoa zen guretzat, eta biren artean egiten saiatu gara». Pieza garaikidea eta erritmikoa izan arren, Ugarterentzat ez da erraza izan doinu klasikoen sotiltasunera egokitzea: «Txalaparta akzioa-erreakzioa duen instrumentua da, baina obra honetan, inguratzen gaituzten musikariek sortutako girora moldatu gara».
Martinez de San Vicenteren arabera, txalapartarien eta maisuaren arteko jokoaren emaitza da Txalaparta: «Sorpresa izan da guretzat proiektu honetan parte hartzea. Fedelek Youtuben ikusi gintuen, eta partiturarekin lan egitea proposatu zigun. Txalapartan bi musikariren arteko ordena eta desordena jokoa egiten dugu, batek egin eta besteak desegin; obra honetan, ordea, Fedelek egin eta Ugarte eta ni desegiten ibili gara». Fedeleren proiektuan parte hartzea «erabateko ohorea» izan dela azpimarratu du txalapartariak: «Obra gure errealitatera moldatzen utzi digu Fedelek. Haren hainbat ideia fisikoki ezinezkoak ziren, eta maisua erabat eskuzabala izan da gurekin».
Maisu italiarrak Euskal Herriarekin eta hemengo musika tradizionalarekin lotuta sentitu dela adierazi du: «Halako feeling bat daukat herri honen jatorriarekin, hizkuntzarekin eta bertako musikarekin. Izugarri interesatzen zaizkit kultura txikiak, eta enpatia berezia sentitzen dut Euskal Herriarekin, ni neu Italiako hegoaldeko herri txiki batekoa naiz jatorriz, kultura aberatsekoa eta grekotik gertu dagoen dialekto berezia duena». Fedelek doinu sinfoniko garaikideak nahastu ditu txalapartaren kutsu etnikoarekin. Folkdance izeneko proiektuko bigarren pieza da Txalaparta; izan ere, aurretik Artéteka izeneko lana sortu zuen Fedelek. Salento inguruko tammorra danbor tradizionalarekin osatu zuen pieza hori.
Klasiko handiak kontzertuan
Estreinaldiaz gain, EOSek klasiko handiekin osatuko ditu kontzertuak. Mueller-Schott biolontxelo jotzailea bigarren aldiz arituko da EOSekin, eta musikariekin bikain moldatu dela adierazi du: «Gure arteko harremana ezin hobea izan da, eta hori eskertzekoa da Dvoraken obra interpretatzeko». Francken Psyche obraren lehen lau mugimenduekin amaituko dute kontzertua. Orkestrak obra interpretatuko duen lehen aldia izango da, eta Boreikoren esanetan, berreskuratu beharreko lana da: «Gaur egun ahaztuta egon arren, bere garaian arrakasta handiko obra izan zen».
Txalaparta eta orkestra jolasean
Oreka TX-k eta EOSek gaur estreinatuko dute Ivan Fedeleren 'Txalaparta' obra, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu