Txalaparta kalearekin lotzen du erabat Felipe Ugartek (Urnieta, Gipuzkoa, 1976). Txalaparta kalera atera, eta kaletik bizitzeko erronkari heldu zion 20 urte pasatxo eskas zituela. «Goizean goiz joaten gara guretzat onena dela uste dugun lekura. Gero eguerdi partean jotzen dugu pixka bat, eta arratsaldean berriro. Hasiera batean arratsaldez eta gauez jotzen genuen, baina orain nahiago dugu egunez jo, eta iluntze partean etxera itzultzea». Hiriburuetako festa nagusietan ia egun osoa igaro dezake anaia Imanolekin batera lizarrezko bi makilekin zurezko oholak kolpatuz. «Behin proba egin genuen eta 17 orduz jo genuen txalaparta». Iruñeko sanferminak eta Bilboko Aste Nagusia ditu plazarik gustukoenak. Donostiako eta Gasteizko jaiak maila bat beherago eta parean jartzen ditu.
Donostiarekin amodio-gorroto moduko harreman bat dauka. Donostian hasi zituen kaleko emanaldiak, artean txalaparta ikasle soil zela, Kontxa inguruan jotzen baitzuen zenbait arratsaldez irakasle zuen Sergio Lamuedrarekin batera. Geroztik askotan izan da Gipuzkoako hiriburuan, baina azken urteetan Donostiako kaleek hartu duten martxarekin ez da oso gustura. «Kaleko ikuskizun asko daude, eta zenbaitek ez du errespetatzen zure lekua, nahiz eta zu dezentez goizago joana izan lekua hartzera».
Txalaparta jotzen duen lekuan 2002an argitaraturiko Ttakunetan diskoa salgai izaten dute, eta, horrez gain, txapela pasatzen dute, edo berak dioen moduan «saskia pasatzen» dute. Duela bizpahiru urte sanferminetako «egun on batean» ehun ale eta gehiago ere sal zitzaketen. «Gaur egun 10 saltzea asko da». Saskiarekin, Donostian 300 euro ateratzea ere lortu zuten eguneko. «Iaz jada askoz ere gutxiago ateratzen genuen, eta aurten haren erdia-edo».
Kalean den jendearentzat txalaparta jotzeko apustuak bere baldintzapenak eta ezaugarriak ditu. Ugartetarren txalaparta eredu horrek asko dauka ikuskizunetik, eta horregatik alde bisuala lantzen saiatzen da.«Mugimendu handia sartzen dugu, eta abiadura. Kalean batetik bestera doan ibiltaria une jakin batean igaroko da zure paretik, eta hura kateatzeko zerbait berezia eskaini beharra dago. Txalaparta ikusgarriago bat egiten saiatzen gara». Saio laburrak eta intentsuak izaten dira Ugarte Anaiek kalean egiten dituztenak. Urte batean 1.500 edo 2.000 saio ere egi ditzakete:«Sanferminetan anaiak eta biok egin genitzake 60 bat saio eguneko».
Bikoterik gabe, nekez
Txalapartariak nekez egin lezake taxuzko lanik berak bakarrik. Felipe Ugartek berak pluralean hitz egiten du ia beti. Bikotekidea izatea da ohikoena txalapartarien artean. Txalapartarekin harantz honantz ibiliz bizitza atera zezakeela ohartu orduko anaia gazteari irakasten hasi zitzaion. «Ni baino zazpi urte gazteagoa da. 12 urte zituenean hasi nintzaion txalaparta irakasten. Segituan ikasi zuen, eta ikusi nuen arrakasta izan genezakeela elkarrekin joz». Egun ere biek elkarrekin jarraitzen dute Ugarte Anaiak izenarekin, eta hirugarren kide bat ere badute: Beñat Iturriotz hernaniarra. «Beti ezin izaten gara biok joan txalaparta jotzera, eta hirugarren kide batekin errazagoa da leku gehiagotara iristea». Anaia gazteak 15 urte zituenean garbi ikusi zuten hortik bizitzen saiatu behar zutela,eta bira bat egitea erabaki zuten Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan barrena: Seattle, Boise, Reno, Vancouver... Kanadan manager bat lortu zuten, eta, euskal etxeetan ez ezik, jaialdietan ere jotzen hasi ziren, esaterako, Vancouver Folk Festivalen. «Hor ikusi nuen honetatik bizi zitekeela. 10 urte daramatzat dagoeneko».
Anaiaren irakasle ez ezik, beste askorena ere izan da azken urteetan Felipe Ugarte. Hala ere, irakasle izan aurretik nahitaez ikasle izan behar.14 bat urte zituela entzun zuen aurrenekoztxalapartaren soinua, Anoetako Belodromoan izan zen jai batean.«Asko gustatu zitzaidan, barruraino sartu zitzaidan». Hala ere, beste pare bat urte igaro ziren txalaparta jotzen ikastera animatu arte. «Hernaniko kaleetan ikusi nuen Sergio Lamuedra izeneko batek ikastaroak ematen zituela, eta apuntatu egin nintzen». Hiru urte egin zituen harekin, Ergobian aurrena, eta Donostian gero. Lamuedrarekin bikotekide modura ere jardun zuen.
Lamuedraren ikasle zela jo zuen jende aurrean aurrenekoz, Andoainen. «Ibilaldiren bat bazen Andoainen, eta jendea pasatu ahala jo behar izan genuen guk txalaparta. Urduritasun handia nabaritu nuen lehen egun hartan».Orduz geroztik egun asko igaro dira, eta oraindik ere kaleak urduritasun apur bat sorrarazten dion arren, askoz ere seguruago egiten du bere lana Ugartek. «Jo eta joz eskarmentua hartzen da, eta horrek segurtasuna ematen du, batez ere inprobisatzeko orduan. Hori oso lagungarria da, jakina».
Lamuedraren ostean Juan Mari Beltran izan zuen irakasle eta gidari. «Hernaniko Musika Eskolan hasi, eta lauzpabost urte egin nituen harekin. Eta haren taldean ere aritu nintzen. Irakasle bakoitzarengandik ikasi nituen gauza desberdinak. Lamuedrak txalaparta ulertzeko modu jakin bat zuen, eta Beltranekin ikuspuntu eta eredu zabalago bat ikasi nuen».
Azken urteetan txalapartak bide berriak ikertu eta hartu ditu. Ugarteri denak iruditzen zaizkio baliagarriak, «ez hobeak eta ez okerragoak», baina berak argi dauka berea moldea tradizionaletik hurbilago dagoela, eta horri eutsi nahi diola. «Oreka TX taldeak, esaterako, lan izugarria egin du eta egiten du, molde berriak bilatuz. Txalaparta melodia tresna gisa erabiltzen dute haiek. Guk perkusio tresna gisa erabiltzen dugu gehiago. Euren bideak muga batzuk dauzka, eta gureak beste batzuk».
Konplexurik gabe aitortzen du Ugartek txalapartarekin kalera ateratzeko arrazoi nagusiak «dirua irabaztea eta erakusleiho bat izatea» direla. «Kalean garelarik, jende askok ikusten gaitu. Gure txartelak banatzen ditugu, eta horietako gutxi batzuk akordatzen dira gurekin, emanaldiren baterako deitzeko».
Azpiegitura egokia, «ondo egokitutako furgoneta bat», alegia, «gogoa» eta «beharra» dira ezinbesteko txalapartari ibiltari izateko, Ugarteren hitzetan. Hainbeste aldiz kalean jo ondoren, ia entseatzeko beharrik ere ez dute. «Hori bai, kontzertu edo emanaldi bat prestatu behar badugu, entseatzen dugu, eta errepertorioa zabaltzen dugu».
Dudarik ez, diru kontuak garrantzi ezinbestekoa du edozein ogibidetan, baina hortik haragoko esperientziek eta harremanek bete dute, gehienbat, Ugarte, besteak beste, bidaiatzeko aukerak. Euskal Herritik aurrenekoz Espainiara, Segoviara, Burgosera eta Zaragozara, atera ziren Ugarte anaiak, baina ez zuten bete-beteko esperientziarik izan. «Ez zuten arreta berezirik jarri guregan». Hurrengo bidaia, guztiz bestelakoa izan zen, Genevara (Suitza) egindakoa, hain zuzen ere. «Furgonetan joan ginen bi anaiok, eta gurasoak ere bai. Kalean jo genuen, eta baita jaialdi batean ere. Oso harrera ona izan genuen, eta pizgarri ederra izan zen guretzat». Alemanian ere izan ziren, duela 10 bat urte, Bremenen. «Ikastaro batzuetara joan ginen, eta bertako antzerki eta dantza konpainia batekin kolaboratuz amaitu genuen. Obra bat prestatu zuten dantzarekin, antzerkiarekin eta zuzeneko musikarekin, eta guk parte hartu genuen txalapartarekin. 30 bat saio eman genituen ikuskizun horrekin, eta Donostian ere eman genuen. Oso arrakastatsua izan zen».
Asko bidaiatu du, adiskideak andanaka egin ditu, musika arlo eta errealitate desberdinak ezagutu ditu txalapartaren bidez, eta anekdota bildumatxo bat ere osatu du. «Saskia ostu eta lapurren atzetik korrikan irten behar izan genuenekoa, adibidez. Edota, kaleko saio bat bukatu, burua altxatu eta parez pare Willem Dafoe aktorea izan genuenekoa». Azkenekoa, aurtengo Jazzaldian gertatu zaio, Kursaal parean. «Andoni Aduriz sukaldariarekin zazpi bat urte daramatzat kolaboratzen. Egun horretan gure paretik igaro zen, eta txalaparta jo nahi zuela esan zigun. Biok jo genuen, eta jendea harrituta geratu zen».