Bertsozale Elkarteak 25 urte bete dituenez, bertsolaritzak izan lezakeen museoa jarri zieten gaitzat atzo Maialen Lujanbio, Odei Barroso eta Jexux Mari Irazuri Bertso Eguneko Kursaaleko saioaren amaieran, eta Lujanbiok eman zion errematea bertsolarien jardunari, publikoari konplize izaten jarraitzeko eskatuz:
Maialen Lujanbio
Publikoa ere gorde beharko da
zuek guztiak hain zuzen.
Baina nahiago de(g)u txaloak
beti berriak izan daitezen.
Txalo berri ugari jaso zuten bertsolariek saioan, maila ona izateaz gain hainbat gailur gogoangarri ere eskaini baitzituen.
Bertsozale Elkartearen 25 urteko ibilbidea sinbolizatzen zuten domino pieza handiak atzean zituela, Jon Azpillaga izan zen oholtzara agertzen aurreneko bertsolaria. «Munduko jaialdirik ederrenean» parte hartzeagatik pozik, lehen plaza duela 62 urte egin zuela ekarri zuen gogora, 1950ean, Amoroton, eta zutik dagoen bitartean jarraitzeko asmoa duela.
Dominoko piezak bezala, bertsolariek elkarren ondoan daude beti, eta bataren mugimenduak besteari eragiten dio. Elkarren arteko lotura estu horren erakusle izan zen hurrengo saioa, bakoitza belaunaldi bateko izanagatik elkar ondo hartzen eta ulertzen duten hiru bertsolari aritu baitziren: 25 urtekoa Beñat Gaztelumendi, 50ekoa Andoni Egaña, 75ekoa Imanol Lazkano.
Elkarri bizkarra emanda kantatzera behartuak, bertsolariek elkarri laguntzearen premia nabarmendu zuten Odei Barrosok eta Aitor Mendiluzek ondoren; etadomino piezen arteko loturaren metaforatik tiraka egoera soziopolitikoaz aritu ziren Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo.
Ondorengo saioak bideratu zuen ekitaldia umorearen esparrura, eta Julio Sotok barre algarak bereganatu zituenOihana Bartra limurtzeko praktikan jarri zuen tranpa katalogoarekin.
Hortik aurrera, umorez zipriztinduak izan ziren unerik onenak. Bereziki bizia eta txalotua izan zen Imanol Lazkanok eta Amets Arzallusek puntuka egindako lana, ofizio erakustaldi aparta egin baitzuten biek, garai bateko tiragomen eta egungo nintendoen arteko antz eta aldeei txinpartak atereaz. Beste une goren batzuk ere izan ziren, hala nola Unai Iturriagak Maialen Lujanbiori, bertsolaritzaren burmuinaren funtzionamendua ikertzeko egindako proba batean, Biblia zortziko txiki batean laburtzeko eskatu zionekoa, adibidez; edo Sustrai Colinak Anjel Mari Peñagarikanori defentsa bakartzat atakea duela leporatu zionekoa; «Atakatzen ez duena / ez da defenditzen» izan zen Peñagarikanoren erantzuna.
Hala ere saiorik fresko eta biziena Onintza Enbeitak eta Amets Arzallusek egin zuten, zein bere rolean ondo sartuta egin ere: Enbeita —kablerik gabeko mikrofonoa eskuetan hara eta hona—, geldirik ez dagoen eta beti emozio berrien bila dabilen emakumea;Arzallus —mikrofono hankadunaren aurrean geldirik—, beti berelekuan dagoen gizon serioa.
Saiatu zen Enbeita Arzallusen «kaosa» izaten.
Onintza Enbeita
Arrazionala eta
orekatua, klaro,
zuregan hori dena
oso garbi dago.
Baina konfundiduta
naukazu zeharo,
urduri jartzen zara
aurrean banago,
ta atzean banago,
askozaz gehiago.
Baina gizonak, Arzallusek, tinko eutsi zion bere jarrerari azkenera arte: «Bera orain hor goian / ta orain hor behean / imajina zazue / hau dena ohean».
Bertsolaritzaren balizko museoaren inguruko saioaren ostean, Maddi Sarasuak egin zuen azken agurra, parte hartu zuten 25 bertsolarien izenean, eta ondotik afaltzera joan ziren elkarrekin bertsolari eta bertsozaleak, egindako edo entzundako saioarekingustura.
Arratsaldeko saioaren aurretik, Donostiako kaleetan aritu ziren bertsolariak. Euriari umorez aurre egiten eta Bertso Eguna, eguerdi partean ere, ospakizun bihurtzen asmatu zuten.
Txalo beti berrien artean
Arrakastaz osatu ditu 25 urte Bertsozale Elkarteak, eta arrakasta horren gakoetako batzuk islatu zituen saio gustagarri batez ospatu zuen atzo Bertso Eguna Donostiako Kursaalean, 25 bertsolariren parte hartzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu