Goizeko 09:30an izan da Donostiako Zinemaldian Lasa eta Zabala filmaren lehen emanaldia. Jende asko bildu da, eta filmaren amaieran txaloz hartu dute ikusleek. Han ziren Cristian Merchan eta Jon Anza aktoreak.
Viktoria Eugenia antzokian eman dute Pablo Maloren filmaren lehen saioa. Ikusmin handia piztu du filmak, eta antzokia ia beteta zegoen. Tartean ziren, besteak beste, Jose Ramon Soroiz aktorea eta Harkaitz Cano idazlea. Canok Twist eleberria idatzi zuen Lasa eta Zabalaren hilketetan oinarrituta; Literaturako Euskadi saria jaso zuen.
Euskara eta gaztelerazko flma da Lasa eta Zabala, eta Sail Ofizialean egon arren, ez da lehiatuko Urrezko Maskorrerako. Joxi Lasa eta Joxean Zabala GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazitako gazteen kasua du kontagai, sumarioan oinarrituta.
Aipatzekoa izan da lehen emanaldi horretan ikusleek barre egin dutela Enrique Rodriguez Galindo guardia zibila agertzen zen zenbait eszenatan, hark esandakoak karikatura bihurtuta azaldu baitira.
[Vimeo]http://vimeo.com/105352975[/Vimeo]
Filmean, Iñigo eta Fede abokatuak hildakoak identifikatzeko lanean ahalegintzen dira, beren sinesmenak eta are beren biziak ere arriskuan jarriz horretarako. Cristian Merchanek jokatu du Joxi Zabalaren rola, eta Jon Anzak Joxean Lasarena; Iñigo abokatuarena, berriz, Unax Ugaldek.
Merchanek eta Anzak BERRIAk argitaratutako elkarrizketan adierazi zutenez, gozoki bat izan da eurentzat Lasa eta Zabala interpretatzea. Dokumentazio lanean, hemeroteketara jo zuten haien inguruko berriak irakurtzeko; "Axun Lasa eta Pili Zabala Joxi eta Joxeanen arrebei egindako elkarrizketak ere leitu zituzten, eta Malok hainbat kontu azaldu zizkien.
Lasa eta Zabalaren senideekin
BERRIAk elkarrizketa horretarako Axun Lasarekin eta Pili Zabalarekin elkartu zituen. "Ikusten ditut bi hauek, eta dardarka jartzen naiz. 'Hemen daude' esateko gogoa edukitzen dut", aitortu zuen Lasak. "Nire gogoan dauden Joxean eta Joxi horrelakoak dira", gaineratu zuen, eta Zabalak bat egin zuen.
Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales aktoreek ere parte hartu dute. Filmaketa lanak Baionan hasi ziren, aurtengo otsailean, eta gero Gipuzkoan jarraitu zituzten; Tolosan, Donostian eta Zumarragan, besteak beste.
Eguneko bigarren emanaldia eguerdian izan da gaur, eta ondoren, prentsaurrekoa eman dute.