gizartea

Txilek errudun jo du Asel Luzarraga, etxean lehergaiak egiteko materiala izatea egotzita

Asteartean jakinaraziko dute zenbateko zigorra ipini dioten euskal idazleari. Fiskalak bost urteko espetxe kartzela eskatua du. Iazko abenduan atxilotu zuten.

2010eko irailaren 2a
16:41
Entzun
Etxean lehergaiak egiteko materiala izatea egotzi dio Txileko Justiziak Asel Luzarraga idazle, itzultzaile eta musikariari (Bilbo, 1971), eta asteartean jakinaraziko du zer zigor jarri dion. Abuztuaren 25ean hasi zuten epaiketa, Temucon, eta Alberto Chifelle fiskal nagusiak bost urteko espetxe zigorra eskatua du, idazleak Txileko Arma eta Lehergailuen Kontrolari buruzko Legea urratu duelakoan.

Iazko abenduaren 31n atxilotu zuten Luzarraga, Padre de las Casas-en (Txile). Hasieran egotzi zioten La Araucania eskualdeko Justizia Auzitegiaren aurka lehergailuekin atentatua egitea -abenduaren 31n izan zen erasoa- eta beste hiru erasorekin lotura izatea, baina euskal idazleak frogatu zuen leherketak izan ziren egunetako batzuetan ez zegoela Txilen, Euskal Herrian baizik. Etxean lehergailuak egiteko materiala edukitzea egotzi zion gero fiskalak. Poliziak zioen etxean detonanteak edota bolbora aurkitu zizkiotela. Epaiketan bere aurkako akusazio guztiak ukatu zituen Luzarragak, eta Jaime Madariaga defentsako abokatuak libre uzteko eskatu zuen.

Fiskalak, halaber, esan izan du euskal herritarrari eskuetan nitrato ioien arrastoak aurkitu zizkiotela, horrek lehergailuekin zerikusia zuelakoan. Epaileak ukatu egin zituen probak, nitrato ioiak uretan ere aurkitzen direla arrazoituta. Luzarragari egindako bolbora probek negatibo eman zuten.

Hasieran Temucon kartzelan egon ostean, otsailaren 10ean etxeko atxiloaldia ezarri zion epaileak.

Atxilotu zutenetik, haren aldeko elkartasun ekimen ugari izan da, bai Euskal Herrian, baita Amerikan ere -Argentinan eta Txilen, besteak beste-.

Ibilbide oparoa

Luzarragak ibilbide oparoa du; literaturgintzan, batik bat. Hamaika ispilu ganbil (2003), Karonte (2005), Mozorroaren xarma (2007) eta Abaraska (2008) liburuak argitaratu ditu, euskaraz. Horrez gain, Euskal PEN Klubeko zuzendaritzako kide da, eta nazioarteko PEN Clubeko Writers for Peace (Bakearen aldeko idazleak) batzordean jardundakoa. Punkamine musika taldeko abeslaria izan zen, eta itzulpengintzan eta irakaskuntzan lan egin du.

Maputxeen lurraldetasun eskubideen alde egindako lanagatik ere ezaguna da Luzarraga Txilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.