Eduardo Txillida eskultorearen tamaina handiko hamabi eskultura salgai jarri ditu haren familiak. Txillidatarren bilduma pribatuko obrak dira, eta Sotheby's etxearen bidez merkaturatuko dituzte. 2002an artista hil zenetik familiak salgai jartzen duen lehen pieza multzoa da. Familiak esan du merkaturatzeak ez duela zerikusirik Txillida Leku museoaren egoera ekonomiko zailarekin.
Hamabi eskulturetatik hamar altzairuzkoak dira, eta 30 tonako pisua dute. Beste biak, berriz, granitozkoak dira. 1980ko hamarkadatik aurrera sortu zituen Txillidak, eta museoaren gune pribatuan gorde izan dituzte, nahiz eta haietariko batzuk publikoarentzako gunean ere erakutsi diren.Salgai jarritakoen artean, Consejo al espacio (Espazioari aholku) eta Harri VI sailetako lau lan daude, besteak beste. Consejo al espacio XVII eskultura da handiena, eta publikoarentzat ikusgai egon zen Hernaniko museoko lurretan.
Sotheby's etxeak ez ditu lanok enkantera aterako; bezeroen artean jarriko ditu salgai. Urtarriletik apirilera, Windermereko Isleworth Golf and Country Cluben (Florida, AEB) jarriko ditu ikusgai, balizko erosleek ikus ditzaten. Familiaren ustez, Txillidaren lana ezagutarazteko bide egokia da nazioarteko salmenta hau.
Txillidaren formatu handiko 12 lan salgai jarri ditu haren familiak
2002an artista hil zenetik txillidatarrek haren eskultura multzo bat merkaturatzen duten lehen aldia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu