Txillidaren hainbat artelan lapurtu dituzte, tartean 'Topos IV' eskultura

Eskultorearen piezekin batera, Picasso, Saura, Tapies eta Boterorenak ere ostu dituzte kamioi batetik, Madrilen

Agentziak
Madril
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hainbat artistaren 28 artelan lapurtu zituzten joan den asteburuan Madrilen, Eduardo Txillida eskultorearen hainbat lan, tartean. Getafeko (Madril, Espainia) industrialde batean, kamioi baten barruan zeuden artelanak, eta aurpegia estalita zuten hiru lagunek egin zuten lapurreta, Poliziaren arabera. Ostutako lanen artean garrantzitsuena Txillidaren Topos IV altzairuzko eskultura dela adierazi dute adituek. Picasso, Saura, Tapies, Botero eta Julio Gonzalezen lanak ere badira lapurtutakoen artean.

Alemanian eginiko erakusketa batetik Madrilgo eta Bartzelonako sei arte galeriatara eraman behar zituen lanok kamioiak. Ibilgailuak giltzak jarrita zituela eta lapurrek noiz iritsiko zen bazekitela uste du Poliziak. Orotara, 2,7 milioi euroko balioa izan dezakete ostutako artelanek. Topos IV 800.000 euroan aseguratuta zegoen. Txillidaren beste eskultura eta collage bana eraman zituzten.

Bestalde, Txillida Leku museoaren itxieraren inguruan mintzatu zen atzo Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Haren hitzetan, instituzioek «oreka egokia» bilatu behar dute museoarentzako laguntza ekonomikoaren eta kudeaketaren artean, zentroa sortzeko «izpirituari» kalte egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.