Kultura

Txillidaren 'Haizearen orrazia'-ren inaugurazioa, 30 urtera

1977an ez zuten inauguraziorik egin. Hilaren 16koa izango da egunik garrantzitsuena.

2007ko irailaren 4a
16:00
Entzun
1977an jarri zuten Donostian Eduardo Txillida artistaren Haizearen orrazia, irailean, baina ez zuten inaugurazio ekitaldirik egin orduan. Aurten egingo dute, 30 urtera. Dagoeneko egin dituzte ekitaldi batzuk, baina iraila izango da hilabete nagusia alde horretatik.

Etzi, bertako musikariek kontzertua emango dutela jakinarazi dute gaur Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eduardo Txillida zenaren Luis semeak: Txetxo Bengoetxea, Mikel Erentxun, Alex Ubago eta Amaia Montero ariko dira. "Bakoitzak ez du bere kontzertua egingo; zerbait berria izango da, desberdina", adierazi du Luis Txillidak.

Datozen egunetan konferentziak, argazki rallya, kirol probak eta haurrentzako taillerak antolatuko dituzte, eta hiriko saltoki eta jatetxeek ere ekimenak egingo dituzte.

Hilaren 16koa izango da egunik garrantzitsuena (igandea da), orduan egingo dutelako inaugurazio ofiziala eta omenaldia: eguerdian aurreskua eta musika, eta gauean musika eta irudi ikuskizuna; Oreka TX taldeak, Orfeoi Txikiak, Jon Maia bertsolariak, Kukai Dantzak eta abarrek hartuko dute ikuskizunean. Eduardo Txillida zenaren ahotsa entzungo da, halaber, Haizearen orrazia-z hitz egiten. Hiriko "lekurik gustukoena" zuen.

"Gure aitak esaten zuen lanak artistenak direla eraikitze fasean baina, bukatutakoan, jendearenak direla", esan du Luis Txillidak gaur. "Omenaldi hau ez da gure aitarentzako, baizik eta lekuarentzako". 1977an, bere aitak ez ezik, Luis Peña Gantxegi arkitektuak -plazaren diseinuan- edota Jose Mari Elosegi ingeniariak -piezen kokapenean- ere parte hartu zutela gogoratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.