Eduardo Txillida filosofiaren eta poesiaren ikuspuntutik aztertuko duen mintegi bat egingo duteirailaren 30ean eta urriaren 1ean Hernaniko Txillida-Leku museo gaur egun itxiaren barruan. Ana Maria Rabe Braunschweigeko (Alemania) Arte Unibertsitateko Filosofiako doktorea, Ricardo Pinilla Madrilgo Comillasko Unibertsitateko Filosofiako doktorea eta Susana Txillida New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Hezkuntza doktore eta Eduardo Txillida zenaren alaba izango dira hitzaldi eta tailerren arduradunak.
Mintegiko lehen egunean, Txillidaren pentsamenduak filosofiaren historiako pentsalari ezagunen pentsamenduarekin izandako loturak aztertuko dira; Martin Heideggerren, Agustin Hiponakoaren eta Gaston Bachelarden pentsamenduarekin izandakoak bereziki. Biharamunean, urriaren 1ean, Txillidaren obraren eta poesiaren arteko loturak jorratuko dituzte, Susana Txillidaren Chillida. El arte y los sueños film dokumentalaren emanaldiarekin eta museoan zehar Txillidaren obrak ikusiz egindako ibilaldiarekin. Mintegiari Al alba conocí la obra izenburua jarri diote (Egunsentian obra ezagutu nuen), artistak artea aurkitu zuen unea deskribatzeko hitz horiek erabili zituela gogoratuz.
Txillida-Leku museoa, Eduardo Txillidaren obra gorde eta jendeari erakusteko sortua, 2000. urtean inauguratu zuten, baina itxita dago 2010eko abenduaren 31z geroztik. Artistaren oinordekoak Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu ziren, baina ez zuten museoa berriro irekitzeko aukera emango lukeen akordiorik lortu.
Txillidari so, filosofiaren eta poesiaren ikuspuntutik
Artistari buruzko mintegi bat egingo dute Txillida-Leku museoan irailaren 30ean eta urriaren 1ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu