Txillida Leku museoa berriz zabaltzeko negoziazioa amaitutzat eman dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Txillida familiak. Akordioa ez egiteko arrazoi nagusia museoaren programazio artistikoaren eta, batez ere, etorkizuneko zuzendaritzaren erabakien gainean familiak eskatzen duen beto eskubidea izan da, bi instituzioen arabera. Joan den ostiralean eman zuen negoziazioa bukatutzat Txillida sendiak, eta museoa «behin betiko» ixteko erabakia hartu duela iragarri. Museoa «aldi baterako» itxita zegoen abenduaren 31az geroztik. Atzo, Donostian eginiko prentsaurrekoan, erantzun bateratua eman zioten Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Kultura eta Euskara foru diputatuak, hausturarekiko duten bertsioa azalduz.
«Harriduraz eta atsekabez» hartu dute berria, eta desleial jokatzea leporatu diote Txillida sendiari. «Gure erakundeon ikuspegitik, prozesua bide onetik zihoan; beraz, ezin dugu azken erabaki hori ulertu». Ados jartzeko, nahitaezkoa da bi aldeek ados jartzeko gogoa izatea. Erakundeen ustez, Txillida familiak argi utzi zuen, joan den ostiraleko adierazpenean, ez duela gogo horrekin bat egiten. «Berak jakingo du zergatik».
Negoziazioa amaitutzat emateko hiru punturen arteko desadostasunak aipatu zituen Txillida sendiak: museoaren izaera monografikoa, bildumaren batasuna eta familiaren beto eskubidea. Familiaren ustez, azken negoziazioetan erakundeek zalantzan jarri dituzte baldintzok. Bestelakoa da, ordea, instituzioen ikuspegia.
Familiak eskaturiko beto eskubideak ekarri du bi aldeen arteko talka nagusia, Urgellek eta Aranburuk azaldu dutenez. Instituzioek eskubide horren kontrako jarrera izan dute hasieratik, «erosketa bat egiten baldin bazen, eta ez dohaintza bat, ezin zitekeelako beto eskubiderik gorde». Hala ere, irtenbide legez, bitartekaritza bat eskaini zioten familiari, «sor litezkeen gatazkak konpontzeko».
Beste bi eztabaidagai nagusietan ere «malguak» izan direla diote Urgellek eta Aranburuk. Museoaren izaera monografikoa ez omen dute inoiz auzitan jarri. «Gure iritziz, egile museo bat izan behar du, gaur egungoa, eta beste artistekiko nahiz adierazpen edo jarduera garaikideekiko elkarrizketari irekia». Gainera, erakundeek bildumaren batasuna ere ez dutela zalantzan jarri azaldu dute. «Bildumaren batasuna gordetzeaz gain, zabaldu ere egin nahi genuen».
Egutegi bat zehaztuta
Alabaina, eztabaidak eztabaida, prozesua bide onetik zihoalakoan zeuden instituzioak. «Familiarekin egin genuen azken batzarrean sintonia erabatekoa zen. Ez genuen hau espero», dio Urgellek. Eta ados jartzeko egin duten lanaren froga gisa otsailaren 28an familiari aurkeztutako proposamena aipatu du. Museoa aurtengo udan aldi baterako irekitzea, salmentaren ondorengo egoera kudeatzeko fundazio berri bat sortzea eta 2012ko martxoan museoa behin betiko zabaltzea proposatu zioten.
Txillidatarren adierazpenean «prezioa ez dela arazo nagusia» esateak ere harritu ditu instituzioak. Duela hilabete Gipuzkoako hedabide batek argitaratu zuen museoa eta hango obra guztiak 80 milioi eurotan erostea negoziatzen ari zirela instituzioak txillidatarrekin. Familiak ez zuen prezioaren datua baieztatu, baina esan zuen merkatu librean obrek balio dutenaren erdia litzatekeela kopuru hori. Dena dela, Aranbururen ustez, «zaila da sinestea diru kopurua izan dela hausturaren arrazoi nagusia».
Krisi ekonomikoak eragindako defizitak itota erabaki zuten txillidatarrek museoa denboraldi baterako ixtea. Aterabide bat aurkitzeko, instituzioekin lehendik hasia zuen negoziazioari berriro ekin zion. Guztira, urte eta erdi iraun du elkarrizketak, baina azken hiruhilekoan gorabehera ugari izan ditu. Txillida Leku zabaltzeko Eusko Legebiltzarrak eginiko akordio eskaria, balizko irekieraren iragarpenak edota salerosketa prezioaren filtrazioak izan dira tartean.
Museoa berriz ere publikoari zabaltzeko akordioa lortzea ezinezkoa izan da, eta aldi baterako hutsartea iragarri dute instituzioek. «Denbora bat igaro beharko da Txillida familiarekin harremana berriro izateko», dio Aranburuk. Bitartean, artistaren lanak sustatzen eta hedatzen jarraituko dute erakundeek, «Eduardo Txillida artista unibertsaltzat daukagulako, euskal herritar guztien ondaretzat».
Txillidatarren beto-eskubide nahiak eragotzi du akordioa, instituzioen ustez
Txillida Lekuri buruzko negoziazioa amaitutzat eman dute Jaurlaritzak eta diputazioak, baita artistaren familiak ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu