Txinako iraultza azaldu nahi izan du Wang Quan'anek Berlinalen

'Bai Lu Yuan' aurkeztu du 2006ko Urrezko Hartzaren garaileak, eta Edwin indonesiarrak 'Kebun Binatang'

Agentziak
Berlin
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
«Txinako iraultzaren jaiotzak eta haren zergatiek guretzat adierazten duten indar handi hori gure herrialdetik kanpo transmititzea gustatuko litzaidake film honekin», esan zuen Wang Quan'an zuzendariak, Bai Lu Yuan filmari buruz. Berlinalen aurkeztu zuen atzo, eta sail ofizialean lehiatuko da. Kebun Binatang ere. Zoo baten bueltan egindako filma da Edwin indonesiarrarena. Steven Soderberghen Haywire eta Alex de la Iglesiaren La chispa de la vida, berriz, ez daude Urrezko Hartza irabazteko lehian, baina atzo zaleen arreta bereganatu zuten. Aurrenekoan Antonio Banderas da protagonista, eta bigarrengoan, aldiz, Salma Hayek nabarmendu behar da.

Wangek badaki zer den Berlinaleko sari preziatuena irabaztea. 2006an lortu zuen, Tuya's Marriage-rekin. 92 minutuko iraupena zuen film hark. Atzo aurkeztutakoak, aldiz, 188koa. Beraz, izan ziren eserlekuan beldurrez eseri zirenak. Baina filmaren lehen planoarekin baretu ziren duda-mudatan zeuden horiek. Ostertzean galtzen diren Txinako gari sail erraldoiak ageri dira. Eta horren baitan sortzen da istorioa: herrialde hartako antzinako legeekin hasi, baina iraultzarantz jotzen duena.

Halere, Quan'anentzat ere ez da erraza bere herrialdean errodatzea. «Inor ez dago zentsuratik babestuta, eta edonori eragin diezaioke», adierazi zuen. «Dela sexu eszenengatik, dela kontu politikoengatik». Chen Zhangsiren izen bereko eleberriaren egokitzapena da filma. Hain zuzen, urte luzez debekatu zuten eleberri horren salmenta Txinan, sexu pasarteengatik. Hortaz, proiektua gauzatzen ari zenean bere herrialdeko agintariak gainean eduki zituela aitortu zuen Quan'anek.

Bestelako gai bati heltzen dio Edwinek. Kebun Binatang-en neska koskor bat zooan galtzen da, eta hor geratuko da animaliak eta bisitariak zaintzen. Gero masaje etxe batean hasiko da lanean, eta animaliak tratatzen zituen kariño berarekin tratatuko ditu bezeroak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.