Ia urterokoa bilakatu den harrera egin zioten kritikoek eta kazetariek epaimahaikideen erabakiari. Txistuka erantzun zuten gehienek Dito Tsintsadze zuzendariaren Schussangst filma Urrezko Maskorraren irabazlea zela entzutean. Etor zitekeena nolabait iragarriz, Silvia Munt epaimahakideak gogorarazi zuen A kategoriako nazioarteko zinemaldietan ezin direla bi sari baino gehiago eman film berari. Beraz,aktore onenak saritzen dituen Zilarrezko Maskorrak Laia Marullentzat eta Luis Tosarrentzat zirela entzutean, ezin zuen Te doy mis ojos Iciar Bollainen filmak garaile izan, aretoan ziren gehienentzat faboritoa. Alemaniara joan da aurten saria, bakardadea umore beltzez janzten duen Dito Tsintsadze zuzendari georgiarraren eskutik.
Atzoko beste irabazle handia Bong Joon-ho izan zen. Zuzendari oneraren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Sa-lin-eui chu-eok filmarengatik, baina horrez gainera nazioarteko epaimahaikideek ematen duten Fipresci saria eta Zuzendari Berrien saria jaso zituen, eta kazetarien onespena.Epaimahaikideen aipamen berezia, berriz, faboritoen artean zegoen The station agent Tom McCarthy estatubatuarraren filmarentzat izan zen. Argazki onenaren sarian ereiragarritakoa bete zen: Eduardo Serrak jaso zuen Vermeer pintorearen koadroan oinarritutako Girl with a pearl earring filmean egindako lanarengatik. Gidoi onena, azkenik, Arven filmeko trama idatzi zutenentzat: Per Fly (zuzendaria), Kim Leona, Mogens Rukov eta Dorte Hogentzat. Oro har, maila balekoa izan da aurtengoa, kritikarien ustez, eta ez da erraz gailentzeko modukorik izan.
Txistuak Urrezko Maskorrarentzat
Dito Tsintsadzeren 'Schussangst' film alemaniarra saritzea ez du ongi hartu kritikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu