Ezusteko batekin hasiko da gaur Bergaran Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdia. Guillem Alba artista kataluniarrak Trau ikuskizuna eskaini behar zuen Zabalotegi aretoan. Osasun arazoak direla eta, bertan behera utzi behar izan du emanaldia. Haren ordez, Nico Baixasek La Guinda eskuekin egindako ikuskizuna emango du leku eta ordu berean. 1971n Bartzelonan jaiotako artista da Nico Baixas, eta esku-emanaldietan espezializatua da. Eskuen bidez «sentimendu guztiak» islatzen saiatzen da bere ikuskizunean.
Biharkoa egun garrantzitsu eta oparoa izango du jailadiak, lau ikuskizun izango baitira. Ymedioteatro konpainia espainiarrak Sie7e lana aurkeztuko du aurrenekoz Euskal Herrian. Gurpil gaineko antzoki batean egiten dute lan aktoreek. Munibe Plazan izango dira 18:30etik 21:30era bitartean. Larunbatean ere ikusgai izango da haien emanaldia. Merce Gost kataluniarrak 20 urte baino gehiago daramatza argi eta itzalezko antzerki ikuskizunak sortzen. Sota Mínims lana aurkeztuko du gaur, bihar eta etzi. Hiru egunez lau emanaldi egingo ditu Gostek Pikupe Produkzioaken lokalean. Roberto White sortzaile argentinarrak Criaturas particulares lana emango du Zabalotegi aretoan (20:00etan). Hitzik gabeko objektuen antzerkia eta mimoaren mintzaira nahasten dituen ikuskizuna da. El Tenderete euskal konpainiak, berriz, Titereska lana emango du gaztetxean (22:30ean).
Miquel Gallardo kataluniarraren egitasmoa da Companya Pelmanec antzerki taldea. Diagnóstico Hamlet lana eskainiko du etzi, larunbatarekin, Zabalotegi aretoan (20:00etan). Iñaki Matak, berriz, H,02topoz izeneko ikuskizuna aurkeztuko du San Martin plazan (19:00).
Igandearekin amaituko da jaialdia. Markeliñek Zoozoom emango du San Martin plazan (12:30ean) eta Portugalgo La Fontana taldeak Prometeu eskainiko du Zabalotegi aretoan. Indonesiako Wayang Kulit itzalen antzerki tradizionalean inspiratutako multimedia ikuskizuna da. Estreinaldia izango da Euskal Herrian. Bi urtez behin egiten dute jaialdia. Taun Taun Teatroak 11. aldiz antolatu du jaialdia.
Txotxongiloen erakusleiho aparta izango da Bergara, gaurtik igandera bitartean
Nico Baixas katalanaren 'La Guinda' esku-ikuskizunak emango dio gaur hasiera jaialdiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu