Behin eta berriro errepikatu dute: "Liburutegi bat baino askoz gehiago da". Eta itxura batean, hala dirudi: Ubik-ek, Tabakalerako sorkuntza liburutegiak, ohiko liburutegien zerbitzuak eskainiko ditu, baina baita askoz gehiago ere. Kultur produktuen kontsumo eta mailegua eskainiko du, baina batez ere, sorkuntzara bideratutako zerbitzuak jarriko ditu herritarren eskura, edukiak, tresnak eta langileak horretara bideratuz. Gaur aurkeztu dute espazioa, eta aurrerantzean, asteartetik igandera irekiko ditu ateak: larunbatera arte goiz eta arratsaldez, eta igande zein jaiegunetan goizez bakarrik. Sarbidea erabat librea izango da, baina zenbait zerbitzutarako beharrezkoa izango da Tabakalera txartela; edonork atera ahal izango du, doan.
Aurkezpenean izan dira Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria, Arantza Mariskal Ubik-eko arduraduna, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea. Ñabardurak ñabardura, Ubik-ek Tabakalera osatzera datorrela nabarmendu dute denek, eta kultur proiektuaren zutabe ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute.
Ubik-ek, izan ere, Tabakalerako ildo orokorrekin bat egingo duten edukiak batuko ditu, pentsamenduaren, arteen, ikus-entzunezkoen, hirigintzaren, kultur digitalaren eta kultur azpiegituren alorrean. Honezkero 18.000tik gora dokumentu –liburu, aldizkari edo DVDak, adibidez– jarri dituzte publikoaren eskura. Publikoak horiek kontsultatu eta maileguan hartu ahal izango ditu. Horietaz harago, edonola, sorkuntzara bideratutako zerbitzuetan datza Ubik-en berezitasuna: autoediziorako gune eta materialak, bide ediziorako ekipoak, grabaketarako plato bat, lanerako espazioak, zinema esperimentala ikusteko aretoa, soinu sorkuntzarako espazioa edota bideojokuen txokoa eskainiko ditu, besteak beste.
Gainera, "bitartekari" izena eman dioten figura izango da Ubik-en, herritarrak laguntzeko xedez. Liburuzainak bainoago, arte eta sorkuntzaren diziplina ezberdinetan adituak diren gazteak izango dira. Osotara, 22 langile izango dira Ubik-en, eta une berean 6 eta 9 pertsona artean izango dira lanean.