Uda eztiaren mentura

Javier Valverde artistaren 'Margo batzuk' erakusketa Izurako kultur etxean ikusteko aukera dago

Xan Aire.
2008ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Izurako hondartzak (Nafarroa Beherea) halako lasaitasuna dauka. Hondar zelai baten puntako tontorren gibelean, itsaso bare-barea marraztu du naturak. Mendi mazela berdea, zuhaitzak xut-xuta altxatzen direla, zeruaren erdian ezarri ditu Javier Valverdek. Oiartzuarrak (Gipuzkoa) bere margo eztiak Haize Berri kultur etxeko paretetan lotu ditu maiatz honetan. Bidai berezia, 1995 eta 2008 bitartean marraztu dituen lanak. Eta, azkenean, Izuran jarri duen hondartza hura, Jaizkibeleko eta Bardeetako bazterretan oinarritua izan daitekeela nabarmendu du margolariak.

Surrealismoa eta onirismoaren baitan dabilen artista. Naturari errespetua ahantzi gabe. Valverderen munduan, mendia mendi da, zelaia zelai. Baina kanpoak eskaintzen duena ere hartzen du: askatasuna. Errealitateari ametsa oparitzen dio. Izadiaz duen itxura zatitzen eta desegiten du, eta kolore alaiekin janzten, elkarri goxoki korapilatuz, itzal herabeek azpimarraturik, eta, batez ere, margolariaren lotsak besarkaturik. «Barreneko lana dela erraten didate», onartu du Valverdek. «Nik horrela adierazten ditut gauzak, hitzekin beti zailagoa iduritu zaidalako».

Duela bi urte ezagutu zituen Haize Berriko arduradunak, Rosa Valverde, bere arrebak, erakusketa bertan egin zuenean. Aurtengoan bere aldia izan da, eta «pozik» pausatu da 24 koadrorekin, denak udako koloretakoak. Beren lasaitasuna gogotik dastatu du une hoberenean ez den kultur etxeak. Iaz, alarma gorria piztu zuten Izurako aldean, arazo ekonomikoen ondorioz.

DIRU PUBLIKORIK EZ. Laguntza publikoak ez zirela eskuratzen ahal ikusirik, Artekintza ekimena antolatu zuten iaz: 15 artistek sorkuntzak eskaini zizkieten Haize Berriri, eta obrak zozketa batean jarri zituen erakundeak. «Proiektuaren arrakastarekin, diru kontuan genuen zuloa estali ahal izan dugu», jakinarazi du Maixan Merkapidek, kultur etxeko arduradunak. Artisten sorkuntza bultzatzea ere lortu zuten.

Aurten, Kontseilu Nagusiak ez dio, bigarren urtez, diru laguntzarik eman Haize Berriri. Baina datozen hilabeteak egitarau aberatsarekin jostea erabaki dute kultur etxean. Usaiako udako erakusketaz gain, Piarres Larzabal idazlearen eta Ibañeta bere antzezlanaren inguruan, mintzaldi eta antzerki eginak izanen dira, besteak beste.

Erakusketa: 'Margo batzuk' Lekua: Haize Berri Izurako kultur etxea. Noiz arte: Maiatzaren 25era arte, 15:00etatik 19:00etara (astelehena itxita).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.