Hasiak dira irekierarako irizpideak zehazten. Eusko Jaurlaritzak horretan emango du maiatza, eta haren asmoa da ekainaren 1ean hastea irekitzen museoak, kulturguneak, liburutegiak, irakurgelak eta zinema aretoak, eta orduan hastea antolatzen, «apurka-apurka», kultur emanaldiak, osasun eta segurtasun baldintza egokiekin.
Arratsaldean elkartu dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, eta Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateekin —Urtaran Eudeleko presidentea ere bada—. Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu du proposamen bat aurkeztu dietela agintariei irizpide nagusiekin, eta haiek ekarpenak egin dituztela. Orain, dokumentu horri Osasun Sailaren txosten bat erantsiko diote, Eudelek hala eskatuta. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean sartuko dute.
Funtsean, honako oinarri hauek adostu dituzte: edozertarako baldintza nagusia izango da pertsonen arteko gutxieneko tarte bat egotea, baita pilaketak ekiditea ere; garbitasun arauak zorrotz betetzea eta betearaztea eskatuko dute; eta bertan behera geratzen diren ekintzen ordez, «bizitza sozialaren eta kulturalaren kontsumoa eta aisialdia» bultzatzeko ekintzak sustatuko dituzte. Adierazi dute ez dutela antolatuko neurri horiek bermatu ezin dituen ekitaldirik, baina ez dute zehaztu zer gertatuko den udako festekin.
Oraingoz, protokoloak egin dituzte mota guztietako aretoetarako, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua da irizpide horiek ekainaren 1etik aurrera sartzea indarrean. Dena dela, nabarmendu dute irizpideak jaso dituen dokumentu hori «bizia» izango dela, eta etengabe eguneratuko dutela, koronabirusaren bilakaeraren arabera. Behin irizpide horiek ezarrita, erakunde bakoitzaren ardura izango da horiek betearaztea.