Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Udagoienak dakarrena

Urriaren 6an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 15ean erabakiko da txapela nork jantziko duen, Bilboko Miribillan egingo den finalean. Saioetako sarrerak salgai daude jada.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko irailaren 25a
10:33
Entzun

Apirilean abiatu zen Bizkaiko Bertsolari txapelketaren lehenbiziko fasea eta, uda igarota, datorren astean helduko diote berriz txapelketari. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu urriaren 6an abiatuko den udagoieneko faseak. Hala azaldu dute gaur Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak, Ione Narbaiza elkarteko sustapen eragileak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak Bilbon egin duten aurkezpenean. Baso bat da txapelketaren irudia, eta, txapelketaz harago, bertsogintzak duen "ekosistema" irudikatu nahi dute irudiarekin. "Bertsoaren ekosistema osoa irudikatu nahi dugu. Lehen begiradan ikusten dena baino gehiago gordetzen dutelako basoek, eta gauza bera gertatzen da bertso txapelketarekin ere", adierazi du Narbaizak. Askoren artean, bertso eskolen lana ekarri du gogora.

Kanporaketetan 30 bertsolarik parte hartuko dute: udaberriko fasean sailkatutako 29 eta 2014ko finalista izan zen Oihana Bartra bertsolaria gehituko zaie. Finalaurrekoetan, berriz, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute, eta 2016ko finalistak gehituko zaizkie. Finala Bilbon izango da, eta zortzi bertsolarik parte hartuko dute.

Hona, udagoieneko faseko bertso saioen zerrenda:

Kanporaketak.

- Urriak 6, Gernika-Lumo. Asier Galarza, Garikoitz Sarriugarte, Imanol Uria, Ion Barrocal, Julen Erezuma eta Paule Ixiar Loizaga.

- Urriak 14, Santurtzi. Arrate Illaro, Ekaitz Larrazabal Katxo, Eneko Abasolo Abarkas, Imanol Arrutia, Iñaki Iturriotz eta Malen Amenabar.

- Urriak 21, Zornotza. Aitor Esteban, Ander Elortegi, Ander Urcelay, Inazio Vidal, Txaber Altube eta Unai Mendiburu.

- Urriak 28, Plentzia. Aitor Bizkarra, Arkaitz Zipitria, Gorka Pagonabarraga, Julen Ibarguengoitia, Peio Ormazabal eta Peru Vidal.

- Azaroak 4, Berriatua. Asier Alcedo, Ibai Amillategi, Itxaso Paia, Josune Aramendi, Lander Ibarluzea Aitxulua eta Oihana Bartra.

Finalaurrekoak

- Azaroak 18, Berriz. Miren Amuriza, Xabat Galletebeitia eta beste lau sailatuak.

- Azaroak 25, Igorre. Beñat Ugartetxea, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta beste hiru sailkatuak

- Abenduak 1, Lekeitio. Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria eta beste hiru sailkatuak.

Finala

- Abenduak 15, Bilboko Miribilla. Finalaurrekoetako hiru irabazleak eta puntuazioz lehenengo bostak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.