Udak asko du jazzetik

Getxoko jaialdiak zabalduko du jazz denboraldia, uztailaren 4an; Donostiakoak eta Gasteizkoak emango diote jarraipenaWayne Shorter, Sonny Rollins, Madeleine Peyroux eta Melody Gardot daude tartean

Gilberto Gil Gasteizko Mendizorrotzan ariko da, uztailaren 19an . Z / BERRIA.
Nagore Ares eta Gorka Erostarbe
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Jazz herri bihurtzen da Euskal Herria uda heldutakoan. Getxo, Gasteiz eta Donostia nazioarteko jazz musikako hiriburu bihurtzen dira, musikari bikainen esku. Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiak emango dio hasiera denboraldiari, uztailaren 4an, eta Gasteiz eta Donostikoak etorriko dira gero. Azken bi horiek egun batzuetan bat egingo dute: uztailaren 16tik 21era bitartean izango da Gasteizkoa, eta 19tik 23ra Donostiakoa. Besteak beste, Wayne Shorter, Elian Elias, Destroyer, Jonathan Wilson, Gilberto Gil eta Sonny Rollins musikagileak entzuteko aukera izango da.

Jazz jaialdiek turismo kultural handia erakartzen dutela azpimarratu zuen atzo Isabel Muelak, Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak. Jaialdien zuzendariek atzo aurkeztu zituzten egitarauak, Bilbon: Iñaki Saitua (Getxo), Iñaki Añua (Gasteiz) eta Miguel Martin (Donostia).

Getxo Jazz

Wayne Shorter mitoa

Lau egunez jazz doinuak ekarriko ditu Getxoko Nazioarteko 36. Jazz Jaialdiak uztailean. Wayne Shorter saxofoi jotzaile ospetsuaren laukoteak eta Eliane Elias pianista eta abeslariak izango dira aurtengo egitarauko buruak. Uztailaren 4tik 8ra bitartean, Larry Carlton, Mike Stern gitarristaren banda, Richard Bona eta China Moses abeslaria arituko dira Getxon, beste batzuen artean. Horiekin batera, jazz jaialdiko talde lehiaketan parte hartuko duten bandek joko dute.

Larry Carlton gitarristak emango dio hasiera ekitaldiari. Jazz panoramako gitarra jotzaile handiak, Fifth Dimension bandan hasi zuen bere ibilbidea, 60ko hamarkadan, eta The Crusaders-ekin aritu zen gero. Halaber, ibilbide luzea du estudioko gitarrista legez, eta beste askoren artean, Sammy Davis Jr., Quincy Jones, Joni Mitchell, Eric Clapton eta Michael Jacksonekin kolaboratu du.

Bigarren egunean, berriz, Dinah Washington abeslariari omenaldia egingo dio China Moses abeslariak. This One is For Dinah bere azken laneko kantak interpretatuko ditu Getxon, hirukote formatuan, Raphael Lemonnier piano jotzailearekin batera. Dee Dee Bridgewater jazz abeslariaren alaba da Moses, eta amaren eragina nabari zaio. Estilo anitzetan trebea, jazzean etorkizun handia aurreikusten diote abeslariari.

Hurrengo egunean, jazz garaikideko musikagilerik bikainenetako baten musikaz gozatzeko aukera izango da. Izan ere, Wayne Shorterjazz modernoaren mitoa Getxon arituko da. Miles Davis, Joh Coltrane eta Sonny Rollins musikariekin kolaboratu du, beste askoren artean. Manhattango klubetan (New York) hasi zuen bere ibilbidea, eta egungo jazzeko inprobisatzaile bikainenetakoa da.

Fusioa ekarriko dute Mike Stern estatubatuarrak eta Richard Bona kamerundarrak. 30 urteko ibilbidearekin, Stern jazz eta jazz fussioneko musikagile eta gitarristarik onenetakoa da. Eklektizismoaren eta berrikuntzen lagun da eta horren lekuko dira kaleratu dituen hamabi diskoak. Bona, berriz, bere garaiko baxu jotzaile onenetakoa da. Jazz fussion eta soinu etnikoak oso gustuko ditu.

Jaialdiari amaiera emango dio Eliane Elias pianistaren hirukoteak. Jazzik ortodoxoena, musika klasikoa eta Latinoamerikako doinuak trebezia handiz jotzen ditu musikari brasildarrak. Bere bikaintasun teknikoak, oso gaztetatik eraman zuen nazioarteko agertokietan gailentzera.

Donostiako Jazzaldia

Zaharrena eta orotarikoa

Atzo jakinarazi zituzten Donostiako Jazzaldian izango diren beste artista batzuen izenak. Destroyer, Jonathan Wilson, Gary Clark Jr. eta Zola Jesus sartu dira oraindik itxi gabe dagoen Agertoki Berdearen programan (kontzertuak dohainik izaten dira); beste bi artista geratzen dira iragartzeko. San Bejar kanadarrak gidaturiko rock talde alternatiboa da Destroyer. Hainbat kritikarik indie rock zirkuituko David Bowietzat jotzen dute Bejar. Uztailaren 20an ariko da, Zola Jesus (Nika Roza Danilova du berezko izena) kantugile estatubatuarrarekin batera. Stridulum II diskoa urteko lanik onenen artean dago, kritikariek esan dutenaren arabera. Uztailaren 21ean, Jazzaldiaren hirugarren egunean, Jonathan Wilson ariko da. Iaz ere izan zen Jazzaldian, Jackson Browne musikariaren gonbidatu gisa. Bere burua Crosby, Stills, Nash & Young, James Taylor, The Mamas & The Papas eta Joni Mitchellen oinordekotzat dauka. Gary Clark Jr. uztailaren 22an ariko da. Texasko blues musikaria aurrenekoz ariko da jaialdian, baina ezDonostian. Stay Blues taldearekin Altxerri tabernan aritu baitzen duela urte batzuk, John Saylesen Honeydripper filma Zinemaldian izan zela baliatuta, bera ere film horretako partaide izan baitzen. Sharon Jones & The Dap-Kings eta Alabama Shakes taldeak agertoki berean ariko dira, uztailaren 19an, lehenago iragarrita zegoen moduan.

Euskal Herriko jazz jaialdien artean beteranoena da Donostiakoa. Uztailaren 19tik 23ra bitartean iraungo du. Kontzertu, talde eta bakarlari mordoxka batek osatzen dute egitaraua, hiriko hainbat agertokitan banaturik. Besteak beste, Melody Gardot estatubatuarra izango da Jazzaldian aurten, uztailaren 20an, Trinitate plazan. Ahots ezin gozoagoak eta pianoaz eta gitarraz hain fin baliatzen jakiteak jartzen dute hura azkenaldiko beste errebelazio batzuen oso gainetik, aditu gehienen ustez. Antony Hegarty musikaria (Antony and The Johnsons) Et Incarnatus Orkestrarekin ariko da hilaren 22an Donostiako Kursaal aretoan. Bobby McFerrin & The Yellowjackets (uztailaren 21), Jimmy Cobb Trio (Viktoria Eugenia antzokia, uztailak 20), Jamaican Legends (Trinitate enparantza, uztailak 20), Madeleine Peyroux (Kursaala, uztailak 23) eta Miles Davisen omenez sorturiko Miles Smiles banda (Trinitate enparantza, uztailak 23) izango dira Jazzaldian ariko direnetako izen aipagarrienetako batzuk.

Gasteizko Jazzaldia

Sonny Rollins, amaitzeko

Gasteizko jazz jaialdia uztailaren16tik 21era egingo da aurten, nahiz eta kontzerturik garrantzitsuenak, hilaren 19tik aurrera izan. Hortaz, Gasteizko Jazzaldiak Donostiakoarekin kointzidituko du. Iñaki Añua da Gasteizko Jazzaldiko zuzendaria. Haren hitzetan Iruñeko sanfermin jaiekin ez kointziditzea da garrantzizkoena. Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariaren aburuz, ordea, daten inguruko bat-etortzeari buruz ez dute ezer esatekorik. «Donostiko Jazzaldiak bere datak eta programazioak mantentzen ditu eta bere buruari galdetzen dio zergatik dagoen kointzidentzia hori».Kontzerturik garrantzitsuenak, edo sona handieneko artistenak Gilberto Gil musikari eta kantari brasildarrak (uztailak 19), Pat Metheny gitarra jotzaile estatubatuarrak eta bere Unity Band taldeak (uztailak 20) eta Sonny Rollins saxo jotzaile beterano eta prestijiozkoak (uztailak 21, jaialdiari amaiera emanez) eskainiko dituzte. Europan hiru kontzertu baino ez ditu emango Rollinsek, eta horietako bat Gasteizkoa izango da. Mendizorrotza kiroldegian izango dira kontzertu horiek. Gainera, Sweet Honey in the Rock gospel kontzertua (uztailaren 16an jaialdiari hasiera emanez), Joe Lovano saxo jotzaileak eta Dave Douglas tronpeta jotzaileak osatzen duten bikotea (uztailak 17) eta Soul Rebels funk, rhythm & blues eta hip-hop talde estatubatuarra (uztailak 18) ere leku berean izango dira.

Principal Antzokian XXI. Mendeko Jazza deitu dutenaren baitan, jazz musikari eta talde gazteen kontzertuak entzun ahal izango dira uztailaren 16tik 23ra. Tigran Hamasyan Trio, Phronesis, Dominick Farinacci Quintet, Ambrose Akinmusire eta Ibrahim Maalouf dira horietako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.