Udazken argiaren zain

Musikari eta kantari askok darabilte uda disko berriak prestatu eta grabatzeko; artista ospetsu askok kaleratuko du lanen batUrte askoren ostean, disko bat plazaratuko dute Markezek, Martikorenak eta Montoiak

gorka erostarbe leunda
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Aldaketa garaia da udakoa. Lan urtearen ostean, erritmoa pausatzen du hartarako aukera duenak. Musikariarentzat gehienetan kontrakoa izaten da. Zuzeneko emanaldietarako aprobetxatzen du zenbaitek, eta kantu berriak osatu eta diskoa grabatzeko beste zenbaitek. Aldaketa garaia estudioan sartzeko baliatu du Rafa Ruedak, esaterako. Uztaila Katarain estudioaren itzalpean igaro du, Azkaraten (Nafarroa), etengabeko aldaketez diharduen disko bat grabatzeko, Enaren nekea. Bakarkako laugarren diskoa du.

Ahotsak «eta beste ñabarduraren bat» sartzea baino ez zaio falta grabaketa amaitzeko. Orain artean jorraturiko popa eta rocka «muturrera» eraman ditu lan berrian: «Pop kantuak direnak oso kantu biluziak dira, eta rock direnak, oso rockeroak. Horrez gain, badaude folk ukitua dutenak ere». Hain zuzen ere, biolina eta mandolina grabatzea da diskoa amaitzeko falta zaizkion lanetako bat. Arkaitz Miner arduratuko da langintza horretaz. Musikari saldo apartekoa izan du Mungiako (Bizkaia) musikariak lagun grabaketa saioetan: Xanpe (bateria), Iban Urizar (tronpeta), Joseba Irazoki (gitarra), Txus Aranburu (teklatuak) eta Jaime Nieto (baxua). Kantuetako hitzak Rafa Ruedak berak ondu ditu, Hasier Rekondok idatzitako bakarraren salbuespenarekin. Lehen bi lanak Metak eta Gaztelupeko Hotsak zigiluekin plazaratu zituen, hurrenez hurren —Kea (2003) eta Saredun eskua (2006)—. Hirugarrena, Zuhaitz okerretan gora noa (2008), Ruedak berak ekoitzi zuen, eta bide horri eutsiko dio laugarrenean ere.

Urriaren amaiera aldean kaleratu asmo du, udazken betean, eta gerora zuzenean aurkezten hasi nahi luke. Antzeko asmoa du Erramun Martikorenak ere, estudioetatik eta agertokietatik kanpo urteetan izan ostean. Herenegun amaitu zituen disko berria izango dena grabatzeko lanak. Hamar urte egin du disko berririk argitaratu gabe, eta hiru urte agertoki bat zapaldu gabe, Baigorriko kantariak (Nafarroa Beherea). «Baserriko kontuetan eta familiarekin igaro ditut urte hauek, modu lasaiagoan. Baina txingar azpian erdi itzalian dagoen sua piztu egin da, eta ni neu ere piztu egin nau».

Elkarren estudioan grabatu du lana, Donostian. Jean Phocas aritu zaio teknikari lanetan. Hamabost kantu izango ditu Martikorenaren lan berriak, eta Gure lurretik izenburua izango du. Horietako 11 inoiz grabatu gabeak dira. «Lau kanturi melodia nik neuk jarri diet, eta aurreneko aldiz kantu bateko bertsoak ere idatzi ditut». Pello Ramirez txelo eta akordeoi jotzailearen, Xabi San Sebastian eta Mikel Markez kantugileen eta Mixel Ducau musikariaren laguntza izan du hainbat kantu grabatzeko. Ahotsetan Kantiruki Baigorriko taldearen laguntza ere izan du, besteak beste. Irailaren amaieran edo urriaren hasieran kaleratuko dute lan berria. «Gero, diskoak berak esango du kantaldietan murgilduko ote naizen edo…».

Martikorenarekin batera estudioan zen herenegun Mikel Markez. Bere estudioko lanak aste batzuk lehenago amaitu zituen Errenterian (Gipuzkoa) jaiotako kantariak. Zazpi urte zeramatzan kantu berriz osaturiko diskorik argitaratu gabe; Erabil nazazu diskoa (Gaztelupeko Hotsak, 2004) atera zuenetik, hain zuzen ere. 2008an Zure begiek, bilduma (1988-2008) diskoa plazaratu zuen Elkarrekin.

Hiri hartan izan zen izenburua izango du diskoak, kantu batetik hartua. «Amodio eta sexu kantu bat da», dio egileak. Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko kantaria eta Uxue Alberdi bertsolaria izan ditu bidelagun kantu horretan. «Uxuek berak esan dit letra irakurri zuenean kantu porno-erromantikoa iruditu zitzaiola». Bere hitzez gain, Jokin Sorozabal bertsolariak idatzitako bat (Olentzero Bussiness Centre), Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat liburutik hartutako poema bat, Pako Aristiren beste bat, Jon Martinen bertso sorta bat eta Pedro Mari Otañorenak erabili ditu, besteak beste, kantuak osatzeko.

Pello Ramirez (txeloa, eskusoinua) eta Arkaitz Miner (biolina) izan ditu musikari lanetan. Baina, gainera, kolaborazio bereziak izan ditu. Iñaki Salvadorrek pianoa sartu du kantu batean, Eduardo Baranzanok gitarra beste batean, eta Erramun Martikorenak ahotsa jarri du beste zenbaitetan. Estudioko lanean gustura aritu da Markez. «Badakit musikari askok esaten duela ez duela gustuko estudioko lana, baina ni beti sentitu izan naiz eroso. Kantuak ongi prestatuak eraman genituen eta ederki joan zen». Elkarrekin argitaratuko du, udazkenean.

Xabier Leteren zuzenekoa

Udaberri hondarra eta uda hasiera baliatu zituen Jabier Muguruzak Bikote bat hamargarren diskoa grabatzeko. Azkarateko estudioan aritu zen, Anjel Katarain soinu teknikari zuela, eta Mikel Azpirozen pianoa musika laguntzaile bakar. Resistencia Madrilgo diskoetxearekin kaleratuko du lan berria.

Apur bat urrunago jo zuen diskoa grabatzera Ruper Ordorikak. Leku kutuna du New York. Lehen ere jo izan du hiri handira diskoak grabatzera. Uztailean han aritu zen kantu berriak grabatzen. Oraindik diskoak ez du izenbururik, baina Elkarrekin argitaratuko duela jakina da.

Elkarrek argitaratuko ditu, era berean, Pier Paul Berzaitzen lan berria (izenburua definitzeke du), Leihoak ireki Lain Villabonako (Gipuzkoa) taldearen bigarrena eta Xabier Leteren zuzenekoa. 1999ko irailaren 25ean Errenterian eman zuen kontzertua Letek, Kilometroek inguratu zuten kultura ekitaldien barruan. Hura izan zen Letek emandako azken kontzertua. Kontzertu hura berreskuratuko du Elkarrek udazkenean.

Lanak eginak dituen beste talde bat Inoren Ero Ni da. Andoaingo Garate estudioan grabatu dute, Martxel Arkarazo teknikari zutela, Fregoli izeneko diskoa, sei kantuz osatua. Hala, Gronhölm (2008) eta Fosbury-rekin (2009) batera, izen propioz osaturiko diskoen trilogia osatu dute. Aurreko lanak bezala, Bidehutsekin plazaratuko dute. Hainbat urtez diskorik argitaratu gabe egon ostean, Lisabok udazken honetan plazaratuko du lan berria —Ezlekuak da orain arteko azkena, 2007koa—. Irailaren hasieran sartuko dira estudiora. Aurrena bateriak grabatuko dituzte, Garate estudioan, eta gainerakoa Bonberenean grabatuko dute. Taldean aldaketa bat izan dute: Ionyuk baxua utzi du, eta Sacco taldeko Xabi Zabalak hartu du haren lekua. Taldekideak «oso ondo sentitu» direla dio Karlos Osinaga taldeko gitarra jotzaileak eta soinu teknikariak. Diskoak ez du izenbururik oraingoz. Letrak Martxel Mariskalek idatziak izango dira.

Estudioan sartu berria da Osinaga, baina ez berena grabatzeko, baizik eta Gabon Caligularen aurreneko diskoa grabatzeko: Pleistozenoko astelehenak. Baxi eta Nerea Garridok (gitarrak), Jose Caballerok (baxua) eta Aida Torresek (bateria) osatzen dute taldea. Xehetasunez eta atmosferaz beteriko hamar kantuk osatuko dute lana, Osinagaren hitzetan.

Lehen diskoa izango da, halaber, Napoka Iria bikoteak Bonberenearekin kaleratuko duena, Lehertarazi edifizioak, zuzenean grabatua. Baga-Bigak Esne Beltzaren, Kaotikoren eta The Uski'sen lan berriak plazaratuko ditu udazkenean, eta Gaztelupeko Hotsak-ek Xabi (Señor No) eta Pettiren elkarlana eta Nevermind Trioren lan berria dauzka aurreikusirik, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.