Udazkena, arretaren mesedetan

Oskarbi eta Balerdi Balerdi talde beteranoek disko bana plazaratuko dute datozen asteotan, urte askoko atsedenaren osteanGatibu, Bizardunak, Willis Drummond, Gose eta Kerobiaren lan berriak ere badatoz

gorka erostarbe leunda
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Uso, onddo eta hurrekin batera iristen da diskoen uzta, udazkenean. Urteko bigarren emanaldia izaten dute. Durangoko Azokan erakutsi nahi izaten dituzte musikari eta diskoetxeek euren produktuak. Bi ezaugarri ditu aurtengo bigarren ekoizpen ziklo honek. Lehena ez da berria, azken urteetan izatzen ari den joera baita. Krisiaren mamuak aspaldi jo zuen aldaba diskogintzaren industrian, eta, kopuru absolutuei dagokienez, igarri egiten da urtetik urtera. Diskoetxerik emankorrenak ere bospasei disko berri eskainiko ditu gehienera ere. Zuzenekoak, berrargitalpenak eta bildumak dira asko; berritasunak ez dira hainbeste. Bestetik, ibilbide luzeko talde edo bakarlariak badira udazken koloretan berriro agertuko direnak, izen kontsakratuak eta bide interesgarria urratzen ari direnak, baina azken urteotan euskal literaturan modako jarri den kontzeptua erabiliz, ez dago izen kanoniko bakar bat ere. Esan nahi baita, ez dagoela izena entzute hutsarekin musikazale direnen eta hainbeste ez direnen belarriak zut jartzen dituen horietako artistaren baten ale berririk. Alderdi on bat dauka horrek: arreta zabaldu egingo da, norabide gehiagotara zuzendu beharko du belarria entzuleak, eta ezusteko nahiz altxor berriak topatzeko aukera zabaldu egingo da. Udazkena arretaren mesedetan iritsi da.

Arreta jarri beharko da, esaterako, Oskarbi talde beteranoaren proposamen berrian. Xirimiri diskoarekin, Oskarbi bere jatorrietara itzuli da. 60ko hamarkadaren erdialdera sortu zen, Gipuzkoan. Ez Dok Amairu mugimenduan parte hartu zuen, eta Elkar diskoetxeak taldearen antologia bat plazaratu zuen 2004. urtean: Esperantzari leiho bat, bi diskoz osatutako bilduma. Herri kantuak eta euren sormeneko konposizioak eta hitzak tartekatu dituzte Elkarrekin plazaratuko duten lan berrian. Hiru poema berri musikatu dituzte: bat Bitoriano Gandiagarena, zeina Oskarbiren diskoetan ohikoa den; beste bat, Jose Luis Treku taldekidearena, eta hirugarrena, Xabier Leterena. Datorren astean aurkeztuko dute lan berria. Xabi San Sebastianek argitaratu berri duen Erraiak eta Betagarrik kaleratuko duen Zorion argiak dira Elkarren beste bi lan berriak.Hainbat gonbidatuk lagunduta osatu du 23 kantuko lana Betagarrik, bere ibilbideko 20. urtemuga ospatzeko asmoz.

Balerdi Balerdi talde nafarra ere diskorik plazaratu gabe denbora luzez egon da; ez Oskarbi bezainbeste, hala ere. Azken bizpahiru urteetan taldea martxan egon da Balerdi Erdi izenarekin eta beste kide batzuekin. 1997an kaleratu zuten Hobe behin gorri ezenez beti hori ibilbideko hirugarren lana, etapa oparo eta interesgarri bati amaiera eman ziona. Power-pop moldeei eutsiz (baina estilo aniztasunera bideratuz) eta hiruko formatuan —Toño Muro kantugile, kantari eta gitarra jotzailea eta Sergio Ibarrola Zara bateria jotzailea aurreko garaikoak eta Carlos Ortiz kide berria, baxu jotzailea— itzuliko dira Hegoko lautadaren atzetik diskoarekin.

Capsula hirukoteak —jatorri argentinarrekoak dira, baina Euskal Herrian urteak daramatzate— The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars disko berria kaleratuko du (David Bowieren diskoaren berrinterpretazioa) Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, eta beraien aurreko hiru diskoak ere berrargitaratuko dizkiete — Sublime, Yudoka eta Capsula —. Mugaldekoak taldearen Begiak lekuko (jadanik aurkeztu dute) eta Joserra Senperenaren 10 Trio biolin, piano eta akordeoirako dira Soraluzeko (Gipuzkoa) diskoetxearen beste berritasun nagusiak.

Joseba Irazoki, Bidehutsekin

Rockean, arreta berezia bereganatuko du Willis Drummonden A ala B laugarren lanak. Aurrekoak bezala, Bidehutsekin kaleratuko du lana laukoteak. Rock gordinenaren esparruan interes handiena piztu duen taldeetako bat izan da azken urteetan. Ikus eta entzungai dago zer bide hartu duten lan berrian. Zigilu berarekin, aurrenekoz, plazaratuko du Oso banda bere hurrengo lana Joseba Irazoki musikari polifazetiko eta ipurterreak. Irazokik berak ekoitziko du aspaldian isil antzean egon den Saioaren lan berria. Legorretako (Gipuzkoa) bakarlariak Natura diskoa plazaratuko du, ziurrenik behin neguan sartu ostean. Nahasketak eta masterizazioa egiten ari dira oraindik. Aurrenekoz kantu guztiak euskaraz egin ditu, eta izenburuak agertzen duen modura, naturako erreferentziak azalduko ditu. Lau urte igaro dira Matrioska Heart kaleratu zuenetik. Hura bezala, berria ere Moonpalace Recordsen eskutik plazaratuko du, baina oraingoan banda baten laguntza izango du.

Diskoa kaleratu ostean espero izatekoa da Saioa oholtzetara ere itzuliko dela kontzertuak ematera. Bestalde, kontzertuetan Bizardunak nafarrak eta Gatibu bizkaitarrak dira jenderik gehien biltzen dutenetakoak. Baga-Biga Produkzioak etxearen eskutik kaleratuko dituzte euren lan berriak. Zazpi kantuz osaturikoa izango da Gatiburen bosgarren diskoa. Izena erabakitzeke dute oraindik. Bizardunak taldeak hirugarrena kaleratuko du: Ur ederra kirats infinituan. Folk progresiboa, zelta kutsukoa eta rocka uztartuko dituzte, ohiko gisan, eta hitzetan Euskal Herriko historia politikoa eta kritika soziala agertuko dituzte.

Crowdfunding-a erabiliz lortu du Kerobiak Supernova disko berrirako finantzaketa. Abenduan jasoko dute nafarren lan berria aurrez diskoari babesa eman diotenek. Bere kabuz aterako du diskoa Gosek ere, Euskal Herrian nahiz atzerrian dituen zale ugariren pozgarri. On taldearen izen bereko eta estreinakoa eta Normanen Perkins ere dira autoekoizpena erabilita aterako dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.