Udazkenean, uda eta negua

Iratxe Ibarrak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa; saio hauskorra izan da

Beñat Zamalloa Akizu.
Berriatua
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Denboran udatik gertuago izan arren, neguko hotzetik gehiago izan zuen Berriatuan jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketak. Bertsolariek azaletik, estu eta justu egindako jardun hauskorrak gutxitan epeldu zituen pilotalekuan batutako berrehun bat entzuleak. Ohi baino hotzago abiatutako entzule kopuruaren termometroak ere, txapelketak aurrera egin ahala negutik udarako bidea egingo du. Negutik udarakoa egin zuen Iratxe Ibarra saioko irabazleak ere: saioa zortziko handian gaiak ihes eginda hotz hasi zuen, printza epel bakan batzuk bota zituen geroko bi ariketetan eta azken kantatzea egokitu zitzaion kartzelakoan bota zituen izpirik gozoenak.

Udaren eta neguaren artean mantendu zen saio guztian Arrate Illaro, mailari eutsita eta tarteka apur bat berotuta. Saioko gazteenen artean, Imanol Uria izan zen urduritasunari neurria hartzen gehien asmatu zuena; larriago aritu ziren Jone Larrinaga eta Inazio Vidal, azken horrek aleka gorako inpultsua egiten bazuen ere. Xabier Enbeitari ez zitzaion eroso antzematen oholtzan, lanen zama gainetik kendu nahian nabari zitzaion. Kantaeran galdu zuen bere bertsorik onenen eta umoretsuenen indarra. Oro har, gainontzekoek ere kantaeran galdu zuten bertsoetan berbaz zekarten indarra, eta kantaeraren erruz indarra galtzean, entzuleen erantzuna hoztu egiten zen.

Uda ere bazen

Zortziko handian Leire Bilbaok aurkeztutako gaiek udara eroan zituzten bertsolariak: oporretan arazo ekonomikoengatik kanpora joan ez zirenen, udan etxean haur sahararra hartu duenaren eta txosnetan lanean zebiltzanen ahotik kantatu zuten bertsolariek. Gaiei erreparatuta, plazetako uda giroko ohiko gaiak izan ziren lehen ariketan, eta bertsolariak eta entzuleak ere giro horretan jarri zituen. Zortziko txikiko ariketetako gaiek ere bertsotarako ohiko egoerak ekarri zituzten: rally gidaria izandako bikotekidearen kopilotu izateko beldurrez zen batena edo arropak garbitzera etxera eroaten dituen etxetik joandako alabarena, kasu.

Epai irizpideetan jasotzen denez: «Edozein neurri motatako bertsoak lor dezake, berez, puntuazio gorena». Seguruenez ohiturarengatik, doinu berezi luzeak aukeratu zituzten bakarkakorako, Ibarrak salbu. Betelanerako eta bertsoa osatzeko luzeegi egin zitzaizkien doinuok, batez ere azken lau sailkatuei.

«Aspaldiko partez, asteburu hau zeuretzat bakar-bakarrik egoteko hartzea erabaki duzu», aurkeztu zien gaia Bilbaok. Antzeko ideiak erabili zituzten ahotan, eta euren gertuko egoeran oinarrituta kantatu zuten gehienek.

Behin bakarrik egonda denbora zertan baliatu ez zekitela ziren gehienak; bakardadean zen Ibarrak ez, ordea. Hamarreko handian kantatu zituen bertsook. «Hemen jenteak jentea nahi dau / ehun baino hobeto 104 / ba nik bakarrik egon gura dot / ez lagun eta ez arau / bakardadea gauza ederra da / norberak bilatzen badau». Hauteskunde atarian, EH Bilduko sailburugai izanda, honela bukatu zuen:

Iratxe Ibarra:

Bertsoak egun batzuk kentzen dauz

ez dot esaten olgetan

ta orain, barriz, politiko lez

ere hasi naz berbetan.

Hau azkenengo asteburua

noa neuretzat gordetan

ze emaitza onak aurreikusita

daukadaz hauteskundetan

eta agenda beteko deuste

hurrengo lau urteetan.

Saioko bertsorik eta bertsoaldirik beroena izan zen Ibarrarena, eta, azkena zenez, entzuleek eskertu zuten saioa udatik gertuago bukatzea negutik baino. Kanporaketako saioa irabazita, zuzenean sailkatu zen Gernika-Lumoko azken finalaurrekora. Finalaurrekoetan lasai kantatuko duela bota zuen azken agurrean. Sarri heldu da finalera, baina aurreko txapelketako finalera, ordea, ez zen heldu. Illarok ere aurrera egiteko aukera badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.