Komikia

Uderzo hil da, Asterixen sortzailea

Marrazkilaria 92 urterekin zendu da, bihotzeko baten ondorioz

Albert Uderzo, 2005ean, Obelix eta Asterixekin. FRANCOIS WALSCHAERTS /EFE
mikel lizarralde
2020ko martxoaren 24a
11:05
Entzun

Albert Uderzo marrazkilari eta komikigile frantziarra hil da gaur, Neuillyn, bere senideek jakinarazi dutenez. Heriotza azken hilabeteetan zituen bihotzeko arazoen ondorioa izan da, eta ez du zerikusirik koronabirusarekin, familiak adierazi duenez. «Azken asteetan oso nekatuta zegoen», esan du haren suhi batek.

Beste hainbat lan egin zituen arren, Asterix Rene Goscinny gidoilariarekin sortutako pertsonaiaren inguruko istorioek eman zioten ospea eta arrakasta 1960ko hamarkadaren hasieran. 1959an agertu zen aurreneko aldiz erromatarrei aurre egiten dien galiar txikia, Pilote aldizkariaren orrietan, eta 1961ean argitaratu zuten pertsonaia protagonista zuen lehenengo album autonomoa: Asterix galiarra. Berehala, Asterix, Obelix eta komikiko beste pertsonaiak oso ezagunak egin ziren Frantzian, eta Uderzok eta Goscinnyk haien abenturetan jarri zituzten indar guztiak. Hala, urtero bi album joan ziren argitaratzen zenbait urtez.

1977an Goscinny hil egin zen, eta Uderzok bere gain hartu zuen gidoia ere. Horrek mantsotu egin zuen argitalpen erritmoa.

Euskaraz ere bide luzea egin dute Asterixen istorioek. 1976tik 1978ra bitartean, Mas-Ivars Editores argitaletxeak zortzi album kaleratu zituen, Jesus Maria Arrieta Sagastik itzuliak. Honako hauek dira dira zortzi lan horiek, jatorrizko argitalpen urtea zehaztuta: Asterix galesa (1961), Asterix eta urrezko igitaria (1962) Asterix eta godoak (1963), Asterix eta Kleopatra (1965), Buruzagien borroka (1966), Asterix eta normandoak (1967), Asterix legionarioa (1967) eta Asterix Helvetian (1970).

1980ko hamarkadaren amaieran, berriz, Elkar argitaletxeak heldu zien Asterixen abenturei. Horrela, aurreko zortzi lanez gain, Asterixen album guztiak kaleratu zituen; besteak beste, Asterix Bretainian (1966), Asterix joko olinpikoetan 1968), Asterix Hispanian (1969), Jainkoen egoitza (1971), Aztia (1972), Zesarren oparia (1974), Obelix eta konpainia (1976) eta Asterixen semea (1983).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.