Zinema garaikideak Bronte ahizpak berriro deskubritu dituela ematen du. Iaz, Cary Fukunaga zuzendari gazteak Charlotte Bronteren Jane Eyre klasikoaren bertsio txukun bat egin zuen, puntako bi aktorerekin: Michael Fassbender eta Mia Wasikowskarekin. Eleberri klasikoari ukitu garaikidea eman zion zinemagileak, jatorrizkoa kontatzen zuena desitxuratu gabe. Gehienbat, filmatzeko moldean nabaritzen zen hura 2011ko filma zela.
Oraingoan, beste ahizpa baten txanda ailegatu da, Emilyrena, eta haren lanik ezagunenarena: Wuthering Heights. Kasu honetan ere, belaunaldi berriko zuzendari baten eskutik etorri da egokitzapena, Andrea Arnold britainiarrarenetik. Fukunagak ez bezala, Arnoldek ez du aktore ezagunetara jo nahi izan bere bertsioa egiteko, eta James Howson eta Kaya Scodelario ezezagunak dira protagonista nagusiak.
Jane Eyre-rekin gertatzen zen bezala, jdanik asko dira eleberriaren gainean zinema zein telebistarako egin diren egokitzapenak. Wuthering Heights-en kasuan, horietatik lehena da oraindik ere prestigiorik handien duena. 1939. urtekoa da, eta William Wylerrek zuzendu zuen, Merle Oberon Laurence Olivierrekin eta David Nivenekin. Horretaz gain, Emily Bronteren dramak beste zuzendari asko erakarri ditu; horien artean, Jacques Rivette frantziarra.
Nobela 1846. urtean argitaratu zuen lehen aldiz Emily Brontek, eta orduz geroztik literatur unibertsaleko eleberri erreferentziazkoetako bat bihurtu da. Baina idazleak ezin izan zuen bere liburuaren arrakastarekin luzaro gozatu, handik bi urtera tuberkulosiak jota hil baitzen, 30 urte zituela.
Zinema soziala
Bitxia da Andrea Arnoldek horrelako testu bati heltzea, orain arte egin dituen bi film luzeak garaikidetasunari oso lotuta egon baitira, eta zinema sozial britainiarraren barruan sartu izan baitira. Areago, Ken Loach,Mike Leigh eta beste hainbatek ezagun egin duten genero horren belaunaldi berriko ordezkaritzat hartu izan dute Arnold.
Hainbat film labur egin ostean, lehen film luzea 2006an estreinatu zuen: Red Road. Oso harrera ona izan zuen, Cannesko zinemaldian estreinatu zen, eta bertan epaimahaiaren saria eskuratu zuen. Urte berean, Erresuma Batuko Bafta sari bat irabazi zuen filmak. Glasgow hirian bideokameraren sistemaz zaintzen duen emakume gazte baten istorio gordina kontatzen du; oso harrera izan zuen, eta aukera eman zion Arnoldi bigarrenari ekiteko.
Fish Tank ailegatu zen 2009an, eta film hori ere errealismo sozialaren barruan dago. Mia nerabeak harreman zaila du amarekin, eta are gehiago konplikatuko da ama mutil gazte batekin ateratzen hasten denean. Berriro ere, Cannesera eraman, eta berriro ere epaimahaiaren saria eskuratu zuen Arnoldek. Pelikula horretan, jende askoren arreta piztu zuen protagonista ez zen aktore gazte batek: Michael Fassbender.
Bi lan horien ostean, eta askoren harridurarako, hirugarrenarekin XIX. mendeko Ingalaterrara jo du Andrea Arnoldek. Yorkshireko etxe bakarti batean bizi dira Cathy eta Hindley Eranshaw, aitarekin. Halako batean, aita gazte batekin agertuko da etxean, Heathcliff du izena eta bere ardurapean hartu duela jakinaraziko die.
Aita hil eta Hindleyk hartuko du etxearen ardura. Heathcliff mespretxatzen du; horregatik, bere jatorria zein den gogoraraziko dio behin eta berriz. Bien bitartean, Heathcliffen eta Cathyren artean amodio ezinezko bat loratzen hasiko da.
'WUTHERING HEIGHTS'
Zuzendaria: Andrea Arnold.
Aktoreak: James Howson, Kaya Scodelario, Nichola Burley, Oliver Milburn, Steve Evets, Amy Wren.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 128 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Ukitu garaikidea pasio klasikoei
Emily Bronteren 'Wuthering Heights' eleberri ezagunaren beste bertsio bat egin du Andrea Arnold zinemagileakAurretik, errealismo sozialari lotutako bi film ditu eginak zuzendariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu