Ulu garaikideak

Harkaitz Cano / 'Ulu egiteko bolondres bila'
2024ko urtarrilaren 14a
05:10
Entzun

'Ulu egiteko bolondres bila'

Idazlea: Harkaitz Cano. Argitaletxea: Susa.

Hasierako ohar batek dakar Harkaitz Canoren poema liburu berriari izenburua ematen dion albistea: «Gaua basoan uluka igarotzeko prest dauden bolondresen bila» omen dabiltza Estatu Batuetako Maine-n, «erantzunik jasoko balute izutuko ez liratekeenak». Iazko Pozaren erdia soneto bildumaren ostean, askeago aritu da Cano Ulu egiteko bolondres bila honetan, neurriaren gerruntzeaz libratuta mundu garaikideari nahi bezala ulu egiteko prestu. Poetak bota, eta irakurleak, otsoaren papera jokatuz, izango luke erantzutearen ardura, poemotan hura interpelatu nahian ari dela baitirudi.

Lau zatitan banatua dago liburua. Lehenengoan —National Portrait Gallery—, hainbat gairen inguruko soslaiak egiten ditu poetak, trazu finez, hizkera arin baina zehatzaz; bigarren ataleko poemak, izenburuak dakarren legez, desio modukoak dira, lehenengoak baino tonu solemneagoan idatziak. Zerrendek berezkoa duten konkretutasuna darie Zerrenden liburua hirugarren atalekoei, non poetak listak egiteari ekiten dion, bizimodu garaikidearen anabasa txukuntzeko asmoz-edo; azkenik, handik eta hemendik hartutako zein egilearen beraren uztako gogoeta solteen bilduma da laugarren zatia, aipuen nahas-mahasa. Egituraren bitartez poesiaren lau definizio posible ematen ditu Canok, irakurlearen gogoan pitz dadin, akaso, poesiaren garaikidetasun betearen kontzientzia.

Irakurlearekiko konplizitatea bilatzen saiatzen dira liburuko poemok. Canok, prestidigitadorearen abileziaz, haren aurrean jartzen ditu auzi sakonak —ia existentzialak— zein mundutarrak, edota bien artean kokatutakoak, hala kolektiboak nola indibidualak. Kapsula eran ematen dizkio, bilgarri apainez eta gozamenaren promesaz. Goxo hitz egiten dio belarrira, jolasti baina zuzen, itzulinguruka baina helmugaz ahaztu gabe. Unibertso partekatu baten konplizitatetik ari zaiola lirudike, poetak berea duen eta irakurleari ere aitortzen dion unibertso bat. Unibertso horren ertzak ikusarazten dizkio, halaber, beragan zalantzaren hazia ereinik. Poesia zer den galdetzera behartzen du, baina baita laguntasuna, zoriona edo maitasuna zer diren hausnartzera ere.

XX. mendean iraultza guztiak eta bat gehiago gauzatu ziren poesian. Canoren ekarpenak, jadanik obra petoa osatzeko lakoa —bosgarren poema liburua du—, ez dirudi gurean abiapuntu txarra XXI. mendeko erronka poetikoei neurri hartzeko. Zerrenda berria poeman zera dio autoreak, poema otoitzetik aldentzeko bi modu baino ez daudela: ipuin bilakatzea eta ulu bilakatzea. Berak dioen legez, ez du erabat lortuko horiek saihesterik. Hain zuzen, bi horien artean kokatzen direlako Canoren poemak, ulu ulergarri dira, irakurleari bere unibertsoaz zerbait esaten diotenak haren mugak seinalatzeaz bat. Arruntak baina ez sinpleak. Poesiaren garaikidetasunaz ohartaraztera ere badatozke, bere garaia igaroa dela diotenei ihardespena: laguntasunaz, maitasunaz, zorionaz eta zauriaz pentsatzera garamatzan otoitz fedegabea, existentziari zuzendutako erdi ipuin, erdi ulu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.