Umiliatu, «nahikoa da» esan arte

'Vexations' performancearen bideoa jarri du ikusgai Zuhar Iruretagoienak Guggenheim museoan

Erredakzioa
Bilbao
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Saxofoi jotzaile bat eta biolinista bat Erik Satie konpositorearen Vexations (Umiliazioak) melodia interpretatzen ari dira modu errepikakorrean. Uhaletatik zintzilik ari dira instrumentuak jotzen, eta haiek kulunkatzen dabil Zuhar Iruretagoiena artista. Musikarietako batek «nahikoa da» esan arte umiliatuko ditu artistak. Hori ikusten da Iruretagoienaren Vexations lanean. Performance baten bideoa da, eta Bilboko Guggenheim museoan egongo da ikusgai urriaren 7a bitartean.

Iruretagoienak azaldu du bideoak 23 minutuko iraupena daukala baina Satieren pieza bi minutukoa dela. Berez, baina, 840 aldiz errepikatzeko pentsatuta dago pieza. Hori «erabateko umiliazioa» da, Iruretagoienaren ustez.Haren iritziz, «ezarritako muga antinatural bat» zen hura. Hortaz, musikariekin erabaki zuen bideoaren grabaketa etengo zutela horietako batek gehiago ezin zuenean. Eta, hain zuzen, 23 minutu eta hamar segundoren ondoren, artistak berak erabaki zuen grabaketa etetea: «Nik ezarri nuen muga. Kasu honetan, nekagarriagoa zen umiliatzea, umiliatua izatea baino».

Beste aldaera bat

Museoko 103B aretoko pareta batean jarri dute lana ikusgai, eta, artistaren arabera, «amesten duguna lortzearren zer-nolako umiliazioak jasateko gai garen» erakutsi nahi du. Joan den urtarrilean Vexations-en aldaera bat aurkeztu zuen Iruretagoienak, Bilboko Rekalde aretoan. Orduanikus-entzunezkoek, musikak etaargazkiek osatu zuten erakusketa.

Guggenheim Bilbao Horma sariketaren bost garaileetako bat izan da Iruretagoiena —Guggenheimen 15. urteurrena ospatzeko antolatu zuten sariketa, eta 75 lanen artean egin zuten hautaketa—. Irabazleetako baten lehen erakusketa joan den martxoaren 27tik eta apirilaren 22ra egin zen: Eduardo Hurtadok Wandervögel obra jarri zuen ikusgai. Gero, Alvaro Gilen Hágaselo usted mismo etorri zen, maiatzaren 1a eta 27a bitartean erakutsitakoa. Orain, Iruretagoienaren txanda da, eta hurrena, urriaren 16tik eta azaroaren 11ra, Alain M. Urrutiak 103 B lana aurkeztuko du Guggenheimen. Eta, sarituekin bukatzeko, Cristian Villavicenciok eta Irantzu Sanzok Proyecto 360º obra jarriko dute ikusgai, azaroaren 20a eta abenduaren 16 artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.