Zinema dEstreinaldiak

Umorez berriro ere

Ibarretxe anaien azken filmak amodio harremanak, mendekua eta adiskidetasuna biltzen ditu

Javier Merino aktorea Ismael izango da Un mundo casi perfecto filmean. -- / BERRIA.
Maite Alustiza.
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Un mundo casi perfecto Ibarretxe anaien hirugarrena heldu da, aurreko bi lan luzeen funtsa galdu gabe. Umorea dakar filmak, umore garratza. Solo se muere dos veces (1996) eta Sabotage (2000) filmeetan bezala, umore kolpe ugarirekin apurtzen dute kontaketa Esteban eta Jose Miguel Ibarretxek. Askotariko iturrietatik edaten du haien umoreak —umore beltza dute landutakoen artean—, eta heriotza, gerra eta era horretako gaiak jorratzeko erabili dute orain arteko lanetan. Un mundo casi perfecto filmak ezbeharra du oinarrian, gidoilari baten atsekabea, hain zuzen. Politikoki eta sozialki zuzena ez den komedi bat da. Zuzentasunak gizartean sortzen duen beldurra eta miseria salatzen dute, baita globalizazioaren jauntxoek herritarrak urtu eta desagerrarazi nahi dituztela ere. Tartean, maitasun istorioak, mendekua eta lagun arteko harremanak topatuko ditu ikusleak.

Ismaelen (Javier Merino) bizitza ez doa berak nahi bezala. Diru gabe geratzen ari da, eta, laneko kontuetatik aparte, ez dago bere onenean. Hogei kilo baino gehiago hartu ditu azkenaldian, eta Silviak, harekin urteak daramatzan neska-lagunak, harremana uztea erabaki du. Horrez gain, istorioan berebiziko garrantzia izango duen gertaera baten lekuko izango da. Lapurreta bat ikusiko du, eta lapurrak xantaia egingo dio, ikusitakoa aitor ez dezan. Arazo horien guztien artean itotzear dagoela, itxaropena piztuko dion emagaldu bat ezagutuko du Ismaelek: Debora (Mairim Perez). Dena ongi doala dirudien momentuan, ordea, ezusteko batekin baino gehiagorekin egingo du topo Ismaelek. Eta Iturrioz komisarioak (Alex Angulo), berriz, ez dio begirik kenduko.

Filmeko protagonista ez bada ere, Alex Angulo aktorea Ibarretxe anaien aktore kutunetako bat da. Aurretik haiekin lan egindakoa da, Solo se muere dos veces filmean, Gaston Pallinen rolean.

Euskal Herrian grabatu dute filma; Bilbon, hain zuzen. Hiriak duen aberastasuna aprobetxatu nahi izan dute; «grabatzeko ia perfektua den hiri batekin» egin dute topo.

'UN MUNDOCASI PERFECTO'

Zuzendaria: Esteban etaJose Miguel Ibarretxe.

Aktoreak: Javier Merino,Antonio Dechent, Alex Angulo. Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 88 minutu.

Estreinaldia: Etzi, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.